Eusko Jaurlaritzak 4,2 milioi euroko dirulaguntza eman du toki erakundeen garapen jasangarriko ekintzetarako (Gobernu Bilera 2023-6-27)

0
  • Laguntzak honako hauei zuzentzen zaizkie: udalei, mankomunitateei, kontzejuei eta udalerria baino eremu txikiagoko toki mailako beste lurralde erakunde batzuei 
  • Diruz lagunduko diren ekintzak honako hauekin lotuta egongo dira: kutsatutako lurzoruekin eta lurzoruaren babesarekin, klima aldaketarekin, natura ondarearekin, ekonomia zirkularrarekin, tokiko ekoberrikuntzarekin, jasangarritasunerako hezkuntzarekin eta 2023ko Asteklimarekin

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzen aginduak 4,2 milioi euroren bidez diruz lagunduko ditu garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten toki erakundeak. Dirulaguntza horien zenbateko osoaren helburua da udal ekintza, Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen lehentasunak eta garapen jasangarriari buruzko nazioarteko jarraibide nagusiak lerrokatzea.

Dirulaguntzak udalei, mankomunitateei, kontzejuei eta udalerria baino eremu txikiagoko beste toki erakunde batzuei zuzenduta daude; horien artean: kuadrillak, eskualdeak, tokiko erakunde autonomoak, tokiko garapen agentziak, tokiko merkataritza sozietateak, tokiko enpresa erakunde publikoak, tokiko partzuergoak eta tokiko fundazio publikoak.

Laguntzen deialdia abuztuaren 7ra arte egongo da zabalik, eta proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi behar direla adierazten da nahitaezko baldintza gisa. Zehazki, zenbait esparrutako jarduerek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzok, hala nola kutsatutako lurzoruak eta lurzoruaren babesa, klima aldaketa, natura ondarea, ekonomia zirkularra, tokiko ekoberrikuntza, jasangarritasunerako hezkuntza eta 2023ko Asteklima.

Lurzoru kutsatuen eta lurzoruaren babesaren arloan, deialdiak diruz laguntzeko moduko ekintzatzat jotzen ditu, besteak beste, inbentarioak egitea, lurzoruak leheneratzea, kutsagarriak izan litezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoru eta eraikin industrialak ikertzea, lurzoru kutsatuak berreskuratzea, instalazio industrialen ingurumena berreskuratzea eta ingurumen arloko segimendua egitea. Atal honetarako 750.000 euro erabiliko dira.

Laguntzen zuzkidura handiena klima aldaketaren arlorako

Milioi 1 euroko zuzkidurarekin, klima aldaketaren lerroan 5.000 eta 50.000 biztanle bitarteko udalerrietan emisio txikiko eremuak diseinatu eta ezartzeko laguntza ekonomikoak aurreikusten dira, bai eta mugikortasun sortzaileak konektatzeko aukera emango duten bidegorriak egiteko eta disuasio aparkalekuak sortzeko eta horiek hobetzeko jarduketak egiteko ere. Gainera, karbonoa xurgatzeko dirulaguntzak ere aurreikusten dira, baso landaketa eta birlandaketa prozesuen bidez, gutxienez hektarea bateko zuhaitz azaleretan espezie autoktonoak sartzeko. Klima aldaketara egokitzeko ekintzak ere jasotzen dira aginduan, klima eta energia planak egiteko laguntza espezifikoen ondoan naturan oinarritutako soluzioak sustatzen eta erabiltzen dituzten bestelako hiri esku hartzeak jarrita. Era berean, aginduan zenbait jarduera jasotzen dira, hala nola kostaldearen arrisku eta egokitzapen azterketak, eta itsas mailan aurreikusten den igoeraren ondorioz itsasertzean uholde arriskua murrizteko ekintzak.

Natura ondarearen alorrean, laguntzak emango zaizkie biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea sustatzen duten proiektuei. Ekintza posibleen artean, nabarmentzekoak dira erkidegoko edo eskualdeko intereseko habitat naturalak kontserbatzera, hobetzera edo kudeatzera bideratutakoak, arriskuan dauden basaflora eta basafaunako espezieak babestu eta kontserbatzeko proiektuak eta lurraldearen konektibitate ekologikoari eta azpiegitura berdearen sustapenari laguntzen dioten jarduerak. Era berean, tokiko alorrean aukera espazioak sustatzeko laguntzak ere aurreikusi dira, ingurumenaren aldetik degradatuta dauden eremuak leheneratzeko, interes geologikoko lekuak babesteko eta ibaiertzetako eta ibilguetako hondakinak garbitzeko. Lerro honetara 750.000 euro bideratuko dira.

Ekonomia zirkularraren atalean (500.000 euroko zuzkidura), honako gai hauei buruzko jardueretarako laguntzak jasotzen dira deialdian: elikagaiak alperrik galtzea prebenitzea; operadore handien materia organikoa gaika biltzea; gaika bildu ez diren hondakinen sorkuntza prebenitzeko sistemak ezartzea; konpostaje komunitarioko instalazio berrien bideragarritasun azterketak; ontzien kontsumoa murrizten lagunduko duten neurriak; amianto estrukturala kudeatzea; itsasoan eta ibai ibilguetan plastikoak biltzea eta udal eraikinen eraiste selektiboa, besteak beste.

Aginduak tokiko ekoberrikuntzaren arloko dirulaguntzak jasotzen ditu. Diurlaguntza horiei dagokienez, gure lurraldean lehen aldiz abian jartzen diren edo transferitu zein erreplikatu egin daitezkeen jardueren izaera berritzailea lehenetsiko da. Atal berean, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzorua Babesteko 2030 Estrategiaren helburuetarantz aurrera egitea ahalbidetzen duten proiektuak diruz lagunduko dira. Estrategia horrek kudeaketa jasangarria eta lurzoruaren okupazioaren murrizketa hartzen ditu kontuan. Era berean, tokiko aukera espazioak sustatzeko jardueretarako laguntzak aurreikusten dira, lurzoruaren babesa sustatuko duten proiektu eraldatzaileak garatzeko, hondeatutako lurren mugimenduak minimizatzeko azterketak egiteko eta betelanen baimena eta kudeaketa hobetzeko ekintzak gauzatzeko. Hala berean, hiri ingurunean eta hiri inguruetan naturan oinarritutako soluzioak sustatzeko eta erabiltzeko jarduera berritzaileetarako laguntzak jasotzen dira, klima aldaketarekin lotutako arriskuak prebenitzera bideratuak, bai eta berotegi  efektuko gasen (BEG) emisioak arintzen laguntzen duten ekonomia zirkularreko ekintza berritzaileak ere. Laguntza lerro honetara 600.000 euro bideratuko dira.

Jasangarritasunerako hezkuntzari dagokionez, 400.000 euro bideratuko dira Tokiko 21 Agendaren edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskolako 21 Agendaren arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak diruz laguntzeko, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko uztailaren 15era bitartean.

Azkenik, deialdiak 200.000 euroko gehieneko zuzkidura ekonomikoa ezartzen du Asteklima – Klimaren eta Energiaren Astearen barruan klima aldaketaren aurkako borrokan herritarrak ekintzara deitzeko egiten diren jardueretarako. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren (Ihobe) eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez sustatutako laugarren edizioa 2023ko irailaren 23an (larunbata) eta urriaren 1ean izango da.