Tapia Polonian kokatuta dauden euskal enpresekin elkartu da Varsovian, Ukrainiako inbasioaren testuinguruan bizi duten egoera ezagutzeko

0

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Mikel Amundarain Industriako sailburuordea, Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusia eta Ainhoa Ondarzabal BTI Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari ordezkaria Polonian izango dira aste honetan, Euskadiko industriarako lehentasunezko merkatuan.

Bidaiaren helburu nagusia Polonian ezarrita dauden eta Ukrainaren inbasioaren ondorioak zuzenean bizi izan dituzten euskal enpresen egoera bertatik bertara ezagutzea da, bereziki pertsonen kudeaketari eta langileen egoera emozionala zaintzari dagokienean.

Herrialde honetako lehen eguneko agendaren ezaugarri nagusia euskal enpresarekin Varsovia hiriburuan izandako topaketa izan da. Polonia da euskal enpresen ezarpen gehien dituen 13. herrialdea, eta guztira 52 ezarpen ditu askotariko sektoreetan; batez ere automozioaren sektorea (10), fabrikazio aurreratuko teknologiak (10) eta eraikuntza eta obra zibila (8).

52 ezarpenetatik 29 komertzialak dira, eta ekoizpen-planten presentzia esanguratsua dago (23), bereziki automozioaren sektorean (7), baita ekoindustrian (3), ind. kimikoan (3) eta fabrikazio aurreratuan (3) ere.

Jardunaldia Onnera euskal enpresaren lantegira egindako bisitarekin hasi da. Enpresa horrek Oñatiko egoitzaren instalazio osagarria du Varsovian.

ONNERA Group nazioarteko enpresa-taldea da, eta jatetxe-arloko, ikuztegiko eta hotz-aplikazioetako ekipamendu-soluzioak eskaintzen ditu. FAGOR, EDENOX, ASBER, EFFICOLD, DANUBE, DOMUS eta PRIMER markak biltzen ditu, hainbat sektore, merkatu eta herrialdetako liderrak.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Poloniako BTIren bulegora joan da, herrialde horretan dauden Euskadiko enpresen laneko elkarraldi bat egiteko, enpresa horien egoera eta arazoak bertatik bertara ezagutzeko.

Elkarraldian honako enpresa hauetako ordezkariak izan dira: GESCRAP POLSKA, GH CRANES; Orona (ZED taldea), IBERDROLA RENEWABLES POLSKA, IDOM POLONIA, LANTEK POLSKA, LAYSTER GROUP, TBC ONNERA POLAND, ORMAZABAL POLSKA, PANELFISA POLSKA, SENER POLONIA,TABIPLAST, ULMA CONSTRUCCIÓN POLSKA S.A., ULMA PACKACKING POLSKA, URIARTE POLSKA, VASCO BOHEMIA, BELLOTA eta CAF.

Polonia-Euskadi merkataritza

 Poloniako ekonomia Ekialdeko Europako bigarren handiena da (Errusia kontuan hartu gabe) eta EBko hazkunderik bizkorrenetako bat du. Atzerriko inbertsioa erakartzeko politika egonkortasun makroekonomikoak, lan-kostu lehiakorrek eta merkatu nagusiekiko hurbiltasunak baldintzatzen dute.

Gainera, Polonia herrialde erakargarria da euskal enpresak nazioartekotzeko, ez bakarrik bere kokapen estrategiko eta logistikoagatik, Europa erdialdeko merkatuetara eta garrantzi globaleko azpiegitura logistikoetara sarbidea duelako (Gdanskeko portua, esaterako), baita oinarri industrial sendoagatik eta ekoizpen-kostu txikiagatik ere.

Euskadik Poloniarekin izan duen merkataritza-balantza, historikoki, guztiz positiboa da. Euskadik Poloniara egindako esportazioak, 2020an apur bat ahuldu baziren ere COVIDaren inpaktuak eragindako jarduera-geldialdiaren ondorioz, handitu egin dira 2021ean eta 2022an, lehen urtearen kasuan, pandemiaren osteko jarduera ekonomiko globalaren susperraldiaren ondorioz, eta bigarrenean, pandemia osteko susperraldiaren jarraipen gisa eta Errusia-Ukraina gerrak eragindako prezio-igoeren ondorio gisa.

Hala, 2022an, Poloniara egindako euskal esportazioak 740 milioi euro ingurukoak izan ziren, 10 urte lehenago esportazioen balioa ia bikoiztuta.

Horren ondorioz, Polonia Euskadiko 9. bazkide komertzial bihurtu da, gure ondasunak merkatu globalera ateratzeko.

Poloniako produktuak Euskadira inportatzeari dagokionez, bilakaera-lerroa ere goranzkoa izan da, esportazioen bilakaerarekin oso lerrokatua. 2022an, jatorri poloniarra duten euskal inportazioen balioa ia 475 milioi eurokoa izan zen.