Arantxa Tapia sailburuak adierazi duenez, Europako industria-akordio handiaren aurrean, Euskadik bere lekua bilatzen jarraituko du puntako industria-eskualdeekin lankidetzan

0
  • Espainia kanpoan eta aliantza alde batera utzita, Alemaniak, Frantziak eta Italiak lortutako akordioa Eusko Jaurlaritzaren enpresa- eta erakunde-misio bat Polonian dagoen bitartean ezagutu da
  • Arantxa Tapia sailburua Pomeraniako presidente Mieczysaw Strukekin bildu da gaur, Ukrainaren berreraikuntzari eta bertako errefuxiatuei buruzko gaiak, eta euskal enpresek munduko eskualde horretan energia berriztagarrietan dituzten aukerei buruzkoak, aztertzeko
  • Gaurko eguna osatzeko, Gdanskeko Unibertsitate Politeknikoan akordio bat sinatu da Euskadira talentua erakartzeko

Arantxa Tapia sailburuak Alemaniak, Frantziak eta Italiak sinatu duten industria-aliantzari buruz hitz egin du, eta kezkatuta agertu da, akordio horretan Espainiako gobernua ez dagoenez, trialiantza arriskutsua izan daitekeelako Euskadi bezalako industria-eskualdeentzat.

Euskadi Europako industria-bilakaerarako garrantzitsuak diren mota horretako akordioetatik kanpo edo urrun gera ez dadin, sailburuak honako hau adierazi du: “Are gehiago areagotu behar dugu lankidetza eta presentzia nazioarteko eskualde-sareetan. Horietan aliatu industrialak aurki baititzakegu gure presentzia indartzeko eta euskal enpresaren potentzial industriala kokatzeko”.

“Alemaniako, Frantziako eta Italiako ministroek lankidetza hitzartu dute funtsezko arlo ekonomikoetan, eta irtenbideak adostu dituzte gai kritikoetan horniduraren segurtasunari heltzeko, ekoizpen industrialaren balio-kateak bermatuz. Euskadi kanpoan geratu ezin den gai oso garrantzitsuez ari gara, eta, horretarako, industriari ematen zaion laguntza areagotzen jarraituko dugu”.

“Egia esan, albistea ezagutu dugu Europako bihotzean, Poloniako Pomerania eskualdean, gaudela, tokiko gobernuarekin lankidetza posibleak aztertzen.  Besteak beste, Ukrainaren etorkizuneko berreraikuntza lantzen hasteko, non Polonian ezarritako euskal enpresak ekarpen interesgarria egin dezakeen”.

Topaketa Pomeranian

Poloniara bidaia ofizialean joandako euskal ordezkaritzak programa instituzional bizia garatu du gaur Gdansk hirian. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak, Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak eta Ainhoa Ondarzabal BTI Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatuak Pomerania eskualdeko agintari politiko eta unibertsitarioekin izandako elkarrizketek gaur markatutako agenda batekin jarraitzen dute.

Mieczysław Strukek, eskualde horretako presidenteak, Tapia sailburuari harrera egin dio gaur goizean Pomeraniako Parlamentuan, eta besteak beste Ukrainaren berreraikuntzaz jardun dute, Gdanskera iritsi diren errefuxiatu ugariei laguntzeko egoera ahaztu gabe.

Bilera horretan Leszek Bonna energia gaietarako lehendakariordea ere egon da eta, besteak beste, honako gai hauek jorratu dituzte:

  • Aukerak energia berriztagarrietan (offshore eolikoa), hidrogenoan eta portuak egokitzeko
  • Energiaren klusterra eta Pomerania klusterra (offshore plataforma), Wind Energy Bilbaon lankidetza MoU bat sinatu zutenak (Basquetradek bultzatua) eta Europar Batasunaren baterako proiektu batean laguntzen dutenak
  • Poloniako parke eolikoetan euskal enpresek parte hartzeko aukera baloratu da, offshoren fokua jarrita, Euskadiko balio-kate osorako aukerak erakartzea ekar lezaketen proiektuekin

Sejmikeko Kantzilertzaren zuzendari Łukasz Grzędzicki eta Eskualde eta Lurralde Garapeneko Departamentuaren zuzendari Adam Mikołajczyk ere izan dira elkarraldian.

Euskadira talentua erakartzeko akordioa sinatu da Gdanskeko Unibertsitate Politeknikoarekin

Arratsaldean, Arantxa Tapia sailburua eta bere lantaldea Gdanskeko Unibertsitate Politeknikora joan dira. Poloniako bigarren ikerketa-unibertsitate onena da,eta 8 fakultate eta 4 ikerketa-zentro ditu. Unibertsitate Teknologiko honetako errektoreorde Dariusz Mikielewicz doktoreak egin dio harrera euskal ordezkaritzari.

Unibertsitatearen prestakuntza-gaitasunak eta ikasle egresatuen profil mota ezagutu ondoren, Tapiak eta Mikelewiczek talentua erakartzeko programaren esparruan lankidetzaren bideragarritasuna aztertu dute, eta akordio hori gauzatzeko Lol bat sinatu dute.