Be Basque Talent Conference biltzarrak, Düsseldorfen, talenturik onena eta Euskadiko erakundeak harremanetan jarriko ditu

0

Pandemia amaitu ondoren, Basque Talent Conference (BBTC) bueltan da. Egun oso batez, biltzarrak lan-ibilbidea hiri alemaniarrean eta inguruetan garatzen ari diren eta goi-mailako prestakuntza duten profesionalak bilduko ditu Düsseldorfen, bai eta euskal enpresak, giza baliabideen aholkularitza-enpresak eta zentro teknologikoak ere. Jardunaldiak, Bizkaia Talentek antolatuta eta hala Bizkaiko Foru Aldundiak nola Eusko Jaurlaritzako SPRI Taldeak babestuta , konfiantzazko giroan harreman profesionalak egiteko balioko du.

Be Basque Talent Conferenceren helburua da talentu bila dabiltzan enpresen eta kanpoan bizi den talentuaren arteko topaguneak sortzea. Batetik, parte hartzen duten profesionalei Euskadiko egoera sozioekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa gertutik ezagutzea, lan-merkatuko joerei buruzko informazioa jasotzea eta lantaldeetan talentua txertatu nahi duten erakundeekin biltzea ahalbidetzen die. Bestetik, erakunde horiei goi-mailako gaitasunak eta nazioarteko jakinduria zabala dituzten profesionalak ezagutzeko aukera aparta ematen die.

Ekitaldian, profesionalek agenda pertsonalizatua izango dute, eta enpresen aurkezpenak entzuteko, eztabaida-foro ireki batean ideiak eta iritziak partekatzeko, tailer tematikoetan parte hartzeko eta erakundeen ordezkariekin banakako bilerak egiteko aukera ere bai. Horrez gain, “networking” hamaiketakoa pertsonalizatua egingo dute, biltzarrean parte hartuko duten beste profesional batzuekin eta erakundeekin harremanetan sartzea errazteko.

Hamabost urte eta hamabi edizio

Be Basque Talent Conference 2008an egin zen lehen aldiz, Munichen. Harrezkero, hamaika edizio egin dira, Europako hiri hauetan bana: Bartzelona, Stuttgart, Hannover, Toulouse, Amsterdam, Dublin, Londres, Hanburgo, Munich eta Paris. Orain arte, guztira, 760 profesionalek eta 73 erakundek hartu dute parte.

www.bebasquetalentconference.eus