Irene Beltrán: “Emakumezko erreferenteak falta zaizkigu ingeniaritza-sektorean”

0

 

  1. urtean eratu zuten Gasteizko ingeniaritza-enpresa hau eta, ordutik, irrati eta telebistarako seinaleak helaraztea eta jasotzea ahalbidetzen duten zerbitzu estrategikoak eskaintzen ditu. Jarduera hori dela eta, haien espezialitateko enpresa bakarra da Euskadin. 2019an enpresaren sortzailea erretiratu bazen ere, sektoreko liderrak izaten jarraitzea lortu dute orain ingeniaritza-enpresa gidatzen duten hiru langileek. Enpresak 240 telekomunikazio-zentro ditu Euskal Autonomia Erkidegoan zehar banatuta. Irene Beltrán Telcoko Proiektuen arduradunak azaldu duenez, irratiko eta telebistako seinaleak herritarrei iristea ahalbidetzen duten antenak dituzte aipatutako zentro horiek.

Hortaz, zure erantzukizuna da, esaterako, Radio Vitorian edo Radio Euskadin igortzen diren komunikazioak Euskadiko leku guztietara arazorik gabe iristea. Azaldu iezaguzu hori.

Hori da. Seinalea, kasu honetan irratikoa, Radio Vitoriaren estudioetatik Zaldiaran mendiko komunikazio-zentroan dagoen errepikagailura iristeko eta handik euskal geografia osora zabaltzeko behar diren ekipoak diseinatzen eta planifikatzen laguntzen du Telco ingeniaritzak.

Zer egiten du Telcoren gisako ingeniaritza batek?

Hiru jarduera-lerro nagusi ditugu. Batetik, telekomunikazioen gaineko aholkularitza eskaintzen dugu. Horrek aukera ematen digu broadcast sareak ezartzeko eta ezaugarriak esleitzeko, estaldura erradioelektrikoak planifikatzeko, antenak diseinatzeko eta abar. Halaber, igorpen erradioelektrikoen neurketak ere egiten ditugu, eremu elektromagnetikoek langileei zein publiko orokorrari nola eragiten dieten egiaztatzeko. Eta telekomunikazio-proiektuak, Telekomunikazioen Azpiegitura Komunak, obra-zuzendaritzak eta ziurtapenak egiten ditugu eraikin berrietan eta birgaituetan, telekomunikazio-zerbitzuak erabiltzaile guztiei zabaltzeko.

Zer abiaduratan egiten du aurrera zuenaren gisako merkatu-nitxo batek?

Gure sektorea oso azkar ari da aurrera egiten; hain zuzen ere, azken bi hamarkadetan telebista analogikoaren itzalaldia eta telebista digitalaren jaiotza bizi izan ditugu. Benetako iraultza izan da, eta ikusleengana kalitate handiagoko irudiekin eta balio erantsia duten zerbitzuekin iristea ahalbidetu du.

Zenbat antena daude Euskadin instalatuta, irratia eta telebista interferentziarik gabe entzungo direla bermatzeko?

Euskal Autonomia Erkidegoan 240 telekomunikazio-zentro daude, eta EITB taldearen irratiko eta telebistako seinaleak herritar guztiei iristeko behar diren antenak daude horietan.

Telekomunikazioetako Goi mailako ingeniari gisa, zerk edo nork izan zuen eragina karrera hau aukera zenezan?

Erabaki pertsonala izan zen, letretan ez nintzelako trebea. Inoiz ez zait gustatu orduak eta orduak ematea liburu amaiezin baten aurrean. Gehiago gustatzen zitzaizkidan zenbakiak; hortaz, argi nuen zientzia arloko karrera bat ikasiko nuela. Erronkak gustatzen zitzaizkidan, eta arazoak konpontzea. Hortaz, ingeniaritza bat oso ondo zetorkidan eta, guztien artean, telekomunikazioena zen gehien egokitzen zitzaidana, teknologiarekin lotura estuena duena delako, eta teknologiaren sektorea da niri gehien interesatzen zaidana.

Gainera, zure lanbideak aukera ematen dizu denbora asko pasatzeko aire zabalean, mendian…

Bai, hala da. Bulegoko lana landa-lanarekin uztartu dezaket, eta hori zorte handia da. Hala, mendiaz gozatu dezaket; familiarekin txikitatik joan izan naiz mendira, eta afizio handia dut.

 

‘STEAM karrerak’ izenekoei dagokienez, zure ustez neskek zergatik ez dute ingeniariak izan nahi?

Sektorean emakumezko erreferente argiak falta dira, eta hori da arrazoietako bat. Hain zuzen ere, Euskal Emakumeak Zientzian eta Teknologian erakusketa sustatzen ari dira Itelazpi (EAEko digitalizazioan giltzarria den sozietate publikoa) eta EHU, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, emakumeek sektore honetan egiten duten lana ezagutzera emateko.

Zure ustez, zein da Telcoren erronka nagusia datozen urteetarako?

Aldaketei eta teknologia berriei egokitzea izango da gure enpresaren erronka nagusia. Izan ere, tradizionalki irrati-difusioaren bidez gure erabiltzaileei helarazi izan dizkiegun zerbitzuak funtzio gehiago ahalbidetzen dituzten beste tresna batzuekin banatzen ari dira orain.