Lehendakariak Frantziako Tourreko Prentsa Zentroa eta Bulego Iraunkorra inauguratu du

0

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiak inauguratu dute gaur eguerdian Frantziako Tourreko Prentsa Zentroa eta Bulego Iraunkorra Bilbao Exhibition Centren (Barakaldo).

Ekitaldian izan dira, halaber, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta bozeramailea; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, eta Amaia del Campo, Barakaldoko alkatea.

Gaurtik bertatik ekainaren 30era arte, BEC 2023ko Frantziako Tourreko logistika eta prentsa gunea izango da. Lasterketako antolakuntzak bulegoak jarri ditu Konbentzioen Zentroan, baita Grand Départ Pays Basque 2023ren jarraipena egingo duten ehunka komunikabideentzat bereziki sortutako gunea ere.

Gune honetarako sarbidea akreditazioa duten pertsonentzat mugatua dago, ez da sarbide publikokoa. Barruan, lasterketako antolakuntzak logistika-premia guztiei erantzun ahal izateko espazioak antolatu dira: akreditazio eta materialaren banaketa txirrindulari-taldeei, kazetariei, publizitate-karabanako langileei…

Horrez gain, 100 bilera eta lan-topaketa inguru egiteko guneak ere prestatu dira, Eddy Meckx, Bernard Hinault, Miguel Induráin, Jacques Anquetil eta Raymond Poulidor bezalako txirrindulari handien izenekin.

Azpiegitura handia eta oihartzun handia

Lasterketa frantsesak daraman azpiegituraren erakusgarri onak izan daitezke antolakuntzaren, taldeen, segurtasunaren, komunikabideen, babesleen, kolaboratzaileen… artean mugitzen diren 4.500 pertsonak. Telebista, irrati eta prentsako 1800 kazetari inguru egiaztatu dira, 600 hedabide baino gehiagokoak. Akreditazio iraunkorra duten edo etapa jakin batzuetara joango diren profesionalak dira.

Egunero, 180 kamioi behar dira lasterketako logistika osatzen duten elementuak garraiatzeko. Horri publizitate-karabanako beste 150 ibilgailu gehitu behar zaizkio. Lasterketaren aurreko desfileak 10 kilometro ditu eta 30 minutu inguruko iraupena du. Ia 500 animatzailek hartzen dute parte, bere jarraipena egiteaz 55 pertsona arduratzen dira eta logistika eta mekanikako 120 arduradun daude.

Lasterketaren zabalkundea nazioartean bat dator. Lasterketa 190 herrialdetan ematen da. 100 bat katek ematen dute lasterketa, horietatik 60 zuzenean. 2022an 150 milioi ikus-entzule inguru izan zituen Europan. Eta kontinente honetan bertan 715 milioi ordu kontsumitu ahal izan ziren zuzenean.

Sare sozialetan, Tourraren irismenak ere zirrara eragiten du. Bere sare sozialetan 10 milioi jarraitzaile baino gehiagorekin, bere bideoek 172 milioi bistaratze baino gehiago izan zituzten iaz. 2022an 17.600.000 bisita bakar izan ziren webgune ofizialean, eta guztira 51 milioi bisita izan ziren. Aplikazio ofizialaren bidez gero eta hedatuago dagoen kontsumo modu batek 21 milioi sarrera erregistratu zituen.