Pertsonak erakundeen jardueraren erdigunean mantentzearen alde egin du Garamendik, emaitzen kontutik haratago

0
  • ‘El impacto más allá de la cuenta de resultados’ enpresa topaketan egindako hitzaldian, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak programa bat betetzearen alde egin du, gure erakundeetan legitimitatea lortzeko
  • Gobernu onaren aldeko konpromisoaren aldeko apustua egin du, ziurtasunaren eta egonkortasunaren berme gisa
  • Gizartea subjektu kontziente gisa indartzea defendatu du, gizartearen eskaerei erantzuteko
  • Berrikuntza azpimarratu du gobernantza berrirako giltza gisa, gizarte-balioa sortzeko eta gizarte premiei erantzuteko

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak pertsonak erakundeen jardueraren erdigunean mantentzearen alde egiten du, erantzukizun soziala ulertzeko modu gisa eta administrazio publikoekiko harremanean. Olatz Garamendik erakunde publikoen, ekimen pribatuaren, ekonomia eta elkarte sarearen, hirugarren sektore sozialaren eta gizarte osoaren arteko lankidetza eredua defendatu du, herrialdearen helburuei erantzuteko bide gisa.

Garamendik enpresa topaketa batean parte hartu du gaur Bilbon, ‘El impacto más allá de la cuenta de resultados’ (Emaitzen kontuaz haraindiko eragina) izeneko foroan alegia. El Correo-k eta EY-k antolatutako mahai-inguruan parte hartu dute Xabier Sagredok (BBK-ko presidentea), Jose Galindezek (Euskadiko Enpresarien Zirkuluko presidentea), Leire Bilbaok (Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia), Jordi Albaredak (Fair Saturday foundation-eko CEOa) eta Pablo Sanzek (EYko bazkide arduraduna iparraldeko barrutian). Aurkezpen hitzaldian, Sailburuak lankidetza publiko-pribatuaren eredua defendatu du, auzolana, euskal gizartean errotutako formula gisa.

Azpimarratu duenez oso garrantzitsua da esfortzuan inbertitzea “hemen”, gure inguru hurbilean, egungo gizartean planteatzen diren premiei erantzuteko beharrezkoa baita “ziurtasuna eta egonkortasuna”. Ildo horretan, nabarmendu du Gobernu Programa dela euskal gizartearekiko dugun konpromisoaren oinarria.

Programa hori herritarrentzako funtsezko zerbitzuak bermatzean, ekonomiaren eta enpleguaren suspertzean eta inor atzean ez uztean oinarritzen da. Hori guztia, oparotasunean, pertsonetan, planetan eta autogobernuan oinarritutako Giza Garapen Iraunkorreko eredu batean oinarrituta, 150 konpromiso hartuz, eta konpromiso horien inguruan gardentasunez jokatuz. “Emaitzen kontuaz haratago, gizartearen zerbitzura dagoen gobernu onarekiko konpromisoa dago. Programa bat aurkeztea, defendatzea eta betetzea da gure erakundeetan prestigioa eta zilegitasuna lortzeko bidea”, ziurtatu du Garamendik.

Gobernua komunitatearen kide dela azpimarratu ondoren, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko arduradunak “komunitatea subjektu kontziente gisa indartzea” defendatu du, betiere gizartearen nahiei, eskaerei eta beharrei erantzuteko. Horrenbestez, gobernantzan ere berrikuntzaren aldeko apustua berretsi du, eta zehazki ideia eta praktika berritzaileen aplikazioa bultzatzearen alde egin du, horrela kudeaketa publikoaren eremuan balio soziala sortzeko.