Sexu-abusuen bi kasutatik bat familia-ingurunean gertatzen da, gehienak neska edo emakume nerabeei

0
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak inauguratu du UPV/EHUko udako ikastaroa. ‘Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen’
  • Lege-sisteman sartzen diren sexu-indarkeriako kasuen % 70 ez da inoiz ahozko epaiketara iristen
  • “Oso garrantzitsua da Justizia haurren eta haien beharren mailan jartzea; sistemari aurre egiten diotenean, ulertu ezin duten helduen mundu beldurgarri batean ikusten dute beren burua”, Melgosaren esanetan

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Nerea Melgosa sailburuak Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen ikastaroa inauguratu du gaur goizean Donostian, UPV/EHUko Udako Ikastaroak Fundazioak antolatuta.

Melgosak bere jardunean adierazi duenez, “sexu-abusuen bi kasutatik bat familia-ingurunean gertatzen da”. Bestetik, adierazi duenez, “sexu-abusuen kasuen % 81 neska edo emakume nerabeei dagozkie, gehienak 14 eta 17 urte bitartekoak”.

Ertzaintzaren datuen arabera, 2020an 1.459 adingabe izan ziren delitu baten biktima, tratu txarrak edo familia barruko indarkeria nagusiki (657 adingabe).

 “Euskadik kohesio sozial, elkartasun eta giza eskubideen defentsa maila handia du. Baina, aldi berean, haur eta nerabe batzuek indarkeria oso larriak jasaten dituzte egunero”, sailburuaren esanetan.

Bere iritziz, “itxura guztien arabera, izebergaren punta da”. “Tratu txarren eta abusuen kopuru beltz bat dago salatzen ez dena beldurragatik, nahasmendu disoziatiboak daudelako, haurrak egin diotena ulertzeko edo adierazteko elementurik ez duelako, edo errua botako dioten edo sinetsiko ez dioten beldur delako” esan du.

Gainera, gero eta sexu-indarkeria kasu gehiago salatzen dira: 159 kasu 2020an, eta 128 kasu 2016an. “Salaketa dagoenean, prozesu judizial gogor bat hasten da biktimentzat, haurrentzat egokituta ez dagoen ingurune batean. Prozesu hori urteak luza daiteke, eta duela gutxira arte, trauma berpiztera eramaten zituen, defentsak haien testigantza zalantzan jar zezakeen elkarren segidako deklarazioetan”, sailburuak azaldu duenez.

2022-2028 aldirako Euskadiko Justizia Plan Estrategikoan Justizia eta adingabeak izeneko proiektu bat sartu da. Proiektu horren helburua da Justizian adingabeentzako sarbidea eta arreta hobetzea, haien behar espezifikoen arabera.

Proiektuak beren eskubideei eta eragiten dieten prozedurei buruzko informazio egokitua ematen die adingabeei. Gainera, haurren aurkako indarkerian espezializatutako zigor-arloko epaitegiak behar direla irizten du, edo Barnahus proiektu pilotua ezarri behar dela.

Save the Childrenen arabera, lege-sisteman sartzen diren sexu-indarkeriako kasuen % 70 inguru ez da inoiz ahozko epaiketara iristen. “Oso garrantzitsua da Justizia haurren eta haien beharren mailan jartzea; izan ere, sistemari aurre egiten diotenean, ulertu ezin duten helduen mundu beldurgarri batean ikusten dute beren burua”, sailburuak azpimarratu duenez.

 “Euskadin, dagoeneko, haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko estrategia bat dugu, indarkeria goiz prebenitzeko eta detektatzeko, eta arreta, babes eta erreparazio eraginkorragoa eskaintzeko”, esan du Melgosak.

Sailburuak gogorarazi du atzo Gobernu Kontseiluan Haur eta Nerabeen Legearen proiektua onartu zela. “Proiektu honek giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen ezarpen osoa eta zuzena sustatu eta bermatzen du, adingabe guztiak edozein erako indarkeriatik babesteko esparru guztietan”, esanez amaitu du.