Emakundek lidergo feminista eraldatzailea aldarrikatu du UPV-EHUko udako ikastaroan

0
  • Miren Elgarrestaren ustez, emakume gehiago behar ditugu lidergo-postuetan, ez bakarrik justizia sozialagatik, baita boterea gauzatzeko modu zaharren inertziarekin jarraitzea saihesteko ere
  • Boterearen dimentsioa da Genero Berdintasunaren Indizeak jasotzen dituen sei dimentsioen artean zifrarik txarrena duena (62,7, 100etik), EUSTATen datuen arabera

Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, UPV-EHUren Emakumeen lidergo eraldatzaileak berdintasunezko gizarte bat lortzeko udako ikastaroaren hasieran aldarrikatu du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki- eta lidergo-postuetan, “ez bakarrik justizia sozialagatik, baita boterea gauzatzeko modu zaharren inertziarekin jarraitzea saihesteko ere”. Emakundeko zuzendariaren iritziz, “emakume gehiago izatea, begirada anitza, aberatsagoa eta osoagoa izatea da, osatzen duten pertsona guztiak ordezkatuko dituen gizarte hobea eraikitzeko”. Haren esanetan, “ez da erabakiak hartzeko postuetara iristea denak berdin jarrai dezan, gizarte justuago bat eraikitzeko baizik”.

Emakundek hamarkada bat baino gehiago darama udako ikastaroak egiten, Elgarrestak gogorarazi duenez, eta gaurko eta biharko antolatutako ikastaroan, emakume-sareen hainbat ekimen aurkezten ari dira, hala nola Basqueskola, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten emakume hautetsien jabekuntza eskola; EnpresariAK Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioa; edo Akademe, UPV/EHUko emakume akademikoen lidergorako programa, besteak beste. Ildo horretan, Elgarrestak nabarmendu du emakumeen aliantzen garrantzia, emakumeen sareak sortzea garrantzitsua baita  “oztopoei aurre egiteko, gure ahalduntzea bultzatzeko, gure ahotsa indar handiagoz entzunarazteko”.

Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, emakumeak behar bezala prestatuta daude, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsonen % 60 baitira, baina oztopo askori aurre egin behar diete, eta “oztopo horiek ez dira beti ikusten edo erraz antzematen, hala nola kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, zainketen gainkarga, konfiantza-arrakala”.

Gogorarazi duenez, “gizarteak oraindik ere boterea gizonen kontu bezala ikusten du; oraindik ere emakumeei (eta eurek beren buruari) perfekzioa eskatzen zaie erantzukizun-postuetara iristeko; eta haurrek jasotzen dituzten mezuetan oraindik mutilen lidergoa indartzen da; eta anbizioa sozialki zigortuago dagoen emakumeen artean”. Horren aurrean, “emakumeek beren ahalmen guztia berdintasunean garatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortu behar ditugu”.

Gaur goizeko saioan Jose Javier Zubikarai EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeko Koordinazio Teknikoko eta Zabalkundeko zuzendariordeak parte hartu du, eta Euskadiko emakumeen lidergoari buruzko datuak eman ditu. Datu horien arabera, politika-arloan eboluzionatu da gehien berdintasunean, hain araututa ez dauden ekonomia eta gizarte esparruen aldean. Emakumeek botere-postuetan ordezkaritza txikia izaten jarraitzen dute beren pisu demografikoari dagokionez, batez ere eremu pribatuan. Genero Berdintasunaren Indizeak (GBI) jasotzen dituen sei dimentsioen artean (Enplegua, Dirua, Ezagutza, Denbora, Boterea eta Osasuna), Euskadin 100etik 73,1ekoa dena, Boterearen dimentsioa da zifrarik baxuena duena (62,7), eta Osasunaren dimentsioa altuena (92,4). Kontuan izan behar da ordezkaritza politiko paritarioa legez araututa dagoela; beraz, eremu publikoan indizea 96,7ra iristen da, eta botere ekonomiko eta sozialaren balioak 45,1 eta 56,5ean daude, hurrenez hurren.

Ikastaroan parte hartu dute, halaber, Santurtziko Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzi Itziar Carrocerak, Basqueskolaren ordezkari gisa; EnpresariAK Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioko presidente Nerea Ibañezek; UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzako Elena Leiñenak; eta Entalenta emakumeen talentua garatzeko eta bisibilizatzeko aholkularitza-enpresako presidente María Teresa Bustok.