UPV/EHUren egitasmo berriak indartu egingo ditu Itsas Zientzien eta Teknologien arloko ikerketa eta transferentzia, eta handitu egingo du Ingeniaritza Eskolaren Nautika eraikina, energia kudeaketa jasangarri baten alde eginez
NAUTIKA-ITSASGUNEA from UPV/EHU on Vimeo.
Portugaleten kokatua, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Nautika Itsasguneak berrikuntzan oinarritutako proiektu ireki bat izan nahi du, jomuga dituena itsas sektoreen trantsizio jasangarria eta alor honetako ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren koordinazioa. Azpiegitura berriaren obrak martxan daude dagoeneko eta 1.330.000€-ko kostua izango dute, kalkuluen arabera. Obrak sei hilabetez luzatuko dira eta aurtengo abenduan amaitzea espero da.
Nautika Itsasgunearen egitasmoak agerian uzten du UPV/EHUren eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren konpromisoa, Itsas Zientzien eta Teknologien garapenarekin ez ezik, gero eta jasangarriagoa izango den kudeaketarekin ere, apustu egiten duena energia berriztagarrien alde eta oinarri dituena Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH).
Eva Ferreira errektorearen hitzetan: “Nautika Itsasguneari esker, UPV/EHUk itsasora zabalduko du bere ikuspegia. Egitasmo handinahia da, bai euskal unibertsitate publikoarentzat bai Ingeniaritza Eskolarentzat. Esku-hartze arkitektoniko batez mintzo gara, bai eta apustu berri batez ere, itsas arloko prestakuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren alde, GJHen eskutik. Gune dinamiko, ireki eta atsegin bat sortu nahi dugu, komunitate akademikoarentzat eta herritar guztientzat”.
Irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza transferentzia proiektuari, gehitu egin behar zaio eraikinaren fatxadaren eraldaketa, fatxada garden eta ireki bat sortzeko, herritarrek itsas pasealekutik eraikinaren barrualdea eta bertan egiten dena ikusteko modua izan dezaten.
UPV/EHU Nautika Itsasguneak hainbat gune sortuko ditu Itsas Zientziak eta Teknologiak garatzeko eta Itsas Baliabideak eta Itsasoko Energia Jasangarriak aztertzeko. Zehazki, azpiegitura berriak hainbat egitasmo berri barne hartuko ditu:
Innoboat ikasgela
Ikasgela/tailer/laborategi honetan, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek eta irakasleek sistema teknologikoak fabrikatuko dituzte, baliabide berriztagarrietan oinarrituta, nabigazioan aplikatzeko. Proiektu bakoitzaren taldeak itsasontzi bat eraikiko du, eta harekin lehiatuko da beste unibertsitate batzuek eraikitako ontziekin norgehiagokan. 1 formulako auto bat eraikitzea xede duen Formula Student egitasmoaren antzekoa litzateke. Innoboat Ikasgelaren zati handi bat kaletik ikusi ahal izango da, bertan eginiko lanen dibulgazioa errazte aldera.
Energia berriztagarria eta jasangarria sortzea hidrotermia bidez
Nautika Itsasgunean, halaber, ekoizpen hidrotermiko berriztagarrirako sistema bat ezarriko da, Bilboko itsasadarreko ura erabilita. Teknologia berri bat da, oraindik asko zabaldu ez dena, geotermiaren parekoa den energia efizientzia ematen duena. Sistema honen bidez sortutako energia termikoa erabiliko da eraikinaren zati handi bat klimatizatzeko, egungo energia kontsumoa txikituta, jasangarriagoa eginez azpiegitura osoa. Egitasmoak Hidrotermia Gela bat ere izango du, arlo horretako irakaskuntza eta ikerketa bultzatzeko.
Itsasora heltzen diren material plastikoen degradazioa ikertzeko laborategia
Nautika Itsasguneko laborategi batek aztergai izango du itsasora heltzen diren material plastikoen degradazioa. Ikerketaz gain, dibulgazio eta kontzientziazio jarduerak ere egingo ditu laborategi horrek.
Ardatz Horizontaleko Aerosorgailu Eolikoa
Eraikin berriak energia elektriko berriztagarri eta jasangarria sortzeko sistemak izango ditu, sorgailu eolikoen bidez. Eraikinarentzat energia jasangarria sortzeaz gain, sistema horiek erabilera didaktiko bat ere izango dute, ikasleei begira. Sistema berri horiek sortuko ditu energia eoliko berriztagarriak ikertzen dituen UPV/EHUko start-up enpresa batek.
Hobekuntzak transferentzian, proiekzioan eta ingurunearekiko interakzioan
Proiektu berriaren beste helburu handietako bat izango da eraikina bihurtzea Unibertsitate-Gizarte-Enpresa ikerketa eta transferentziarako gune kultural bat, Itsas Zientzietan eta Teknologietan eta Itsasoko Energia Jasangarrietan ardaztuta. Helburu hori betetzeko, hainbat ekintza burutuko dira aurreko egitasmoetan aipatu diren guneetan.
Eva Ferreira errektorearen hitzetan, “gizartera irekietako eraikin honek formakuntza zentro hau gure gizarte zentro ere bihurtuko du Abran: jakintza zientifikoa partekatzeko leku bat, eta elkarlanean aritzeko Plentziako Itsas Estazioarekin, Portugaleterekin, Plentziarekin eta itsasertzeko gainerako udalerriekin, habitat egoki, osasungarri eta jasangarriak garatze aldera, itsas ingurunearekin sinbiosian”.