Josu Erkorekak Cyberzaintza, Euskadin ziberdelinkuentziari aurre egiteko agentzia berria, aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean

0
  • Herritarren, enpresen eta euskal sektore publikoaren aurkako ziberkrimenari, zibererasoei eta zibersegurtasuneko intzidenteei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko sortuko da

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren aurrean Agencia Vasca de Ciberseguridad – Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia Sortzeko Lege Proiektua. Testuak 13 artikulu ditu 3 kapitulutan banatuta, eta xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen, eta Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan aurreikusitako premiazko eta irakurketa bakarreko prozedurari jarraituz ari dira izapidetzen.

Cyberzaintza berezko nortasun juridikoa duen erakunde publikoa da, eta Euskadin Interneten eta teknologia berrien erabileraren ondorio diren mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko sortuko da. Eusko Legebiltzarrak onartzen duenean, Agentzia berria Segurtasun Sailari atxikita egongo da, eta Eusko Jaurlaritzak, agentzia sortzen denetik aurrera, Euskadin zibersegurtasunaren arloko arriskuei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak izango dituela bermatuko du.

Batez ere hiru arlotan jardungo du:

  • ZIBERDELITUAK: Ertzaintzarekin koordinatuta, “Cyberzaintza” agentziak Euskadiko segurtasun publikoa zainduko du, ziberkrimena jazarriz eta herrialdeko azpiegitura kritikoak eta sentikorrak babestuz.
  • AZPIEGITURA ETA DATU PUBLIKOEN BABESA: agentzia berriak babestu eta zainduko du euskal sektore publikoko azpiegitura digitalen funtzionamendu egokia.
  • ENPRESA DATUEN ETA AZPIEGITUREN BABESA: Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren sustapenerako taldearekin koordinatuta, “Cyberzaintza” agentziak Zibersegurtasunaren Euskal Zentro aitzindari eta arrakastatsuaren lekukoa hartuko du. Zentroa 2017an sortu zen zibersegurtasunaren ezarpenarekin erlazionatutako jarduera ekonomikoa dinamizatzeko, sektore profesionala indartuz eta Euskadi nazioartean zibersegurtasunaren arloko intereseko lurralde gisa posizionatzeko, bereziki industria-esparruan. Alde horretatik, gaur egun Zibersegurtasunaren Euskal Zentroari atxikita dauden pertsonala eta baliabide materialak “Cyberzaintzan” integratuko dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, oinarri sendo horren gainean, euskal gizartearen garapen jasangarria ahalbidetuko duten ingurune ziber seguru eta erresilienteagoak izateko enpresa-kultura sustatzen jarraituko du.

Eginkizunak (2. art.)

Hauek dira Agentziaren zeregin nagusietako batzuk:

  • Ziberintzidentziak eta zibererasoak ikertu eta aztertzea.
  • Antzematea eta horiei erantzutea, horretarako irizpideak finkatuta eta babes-neurri egokiak sustatuta zibermehatxuei aurre egiteko.
  • Zerbitzu publiko kritikoak eta funtsezkoak identifikatu eta zaintzea, horien ziberbabeserako neurri egokiak proposatzeko.
  • Larrialdiei erantzuteko taldearen (CERT) eta zibersegurtasuneko intzidenteei erantzuteko taldearen (CSIRT) eginkizunak betetzea, Estatuko zein nazioarteko beste organismo batzuekin koordinatuta, zibereraso bat gertatuz gero izan litezkeen kalteak minimizatzeko eta ondorioak arintzeko.
  • Gizartea kontzientziatzea zibersegurtasunaren garrantziaz jabetu dadin, horretarako programa hezitzaileak eta sentsibilizazio-kanpainak sustatuz Interneten portaera seguruak bultzatzeko.
  • Enpresa-sarea eta Euskadiko funtsezko sektoreak, hala nola, osasuna, larrialdiak, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, garraioa, eta abar, zibersegurtasunean eta garapen digital seguruan treba daitezen babestea eta bultzatzea.
  • Zibersegurtasuneko estrategia bateratu bat sustatzea eta koordinatzea euskal administrazio publiko guztientzat.

Egitura

Agentzia Eusko Jaurlaritzak izendatutako pertsona batek eta Administrazio Kontseilu batek zuzenduko dute (4. art.). Kontseilu hori 16 kidek osatuko dute eta lehendakaria Segurtasun Sailaren ardura duen pertsona izango da. Lehendakariordea Ekonomiaren Garapeneko sailburua izango da, eta, besteak beste, foru-aldundiak, hiru hiriburuak eta EUDEL ordezkatuko dituzten 14 kide izango dira. Horrez gainera, Aholkularitza Kontseilu baten laguntza ere izango du (7. art.), eta hauek izango dira kideak:

  • Hezkuntza Sailaren ordezkari 1.
  • Osasun Sailaren ordezkari 1.
  • Zibersegurtasun-gaietan aditua den pertsona 1, Euskadin egoitza duten unibertsitateek izendatua.
  • Teknologiaren arloan aditua den pertsona bat, BRTA Teknologia Zentroen Aliantzak izendatua.
  • CYBASQUE, Euskadiko Zibersegurtasun Industrien Elkarteak izendatutako pertsona 1.
  • Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren zuzendari nagusia.
  • Delitu informatikoez arduratzen den Ertzaintzako burua.
  • Izenpe enpresaren Administrazio Kontseiluko zuzendaria.
  • SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendaria.
  • Zibersegurtasunaren esparruan nazioartean proiekzioa eta prestigio aitortua duten bi pertsona, Agentziaren Administrazio Kontseiluaren lehendakariak proposatuta.

Ziberdelinkuentzia Euskadin: 2023ko lehenengo hiruhilekoa

2023ko lehenengo hiruhileko datuen arabera, Euskadin salatzen diren delituen % 25 teknologia berrien bidez egiten dira. Denbora horretan, zehazki, 6.086 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 22 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 88 dira.

  1. Ziberiruzurrak: 364, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 19 gehiago.
  2. Ziberfaltsifikazioak: 279, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 37 gehiago.
  3. Teknologia berrien bidez sekretuak argitara eta jakitera ematea: 204, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 15 gehiago.
  4. Zibermehatxuak eta Ziberjazarpenak: 44, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 4 gutxiago.
  5. Ziberdelitu sexualak: 25, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 108 gehiago.
  6. Zibererasoak: 11, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 83 gehiago.