Euskadi anfitrioi izango da Eskualde Periferikoen eta Itsasokoen Konferentzian, Bruselan Europar Batasunaren inbertsio-politikei helduko dielarik. Ekonomiako sailburuak Next funtsei buruzko euskal iritzia helaraziko dio Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren zuzendariari Europako Batzordeko Idazkaritza Nagusian

0

Euskadi anfitrioi izango da datorren ostegunean Eusko Jaurlaritzaren Bruselako Ordezkaritzan egingo den Eskualde Periferikoen eta Itsasokoen Konferentziaren (EPIKen) bileran. 2027tik aurrerako EBko inbertsio-politikei buruzko goi-mailako gertakari bat izango da, eta izenburu honen pean deitu da: “EBren inbertsio-tresnak bultzatzea garapen ekonomikoa, soziala eta lurraldekoa bizkortzeko”. Hizlari izango ditu, besteak beste, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazu eta Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako zuzendari Peter Berkowitz.

EPIKek think tank gisa dihardu. Europar Batasuneko 24 estatuko eta handik kanpoko 160 eskualde baino gehiago biltzen ditu, eta 200 milioi pertsona inguru ordezkatzen ditu. Bere helburuen artean dago Europako lurraldearen garapen orekatuago baten alde egitea. 2022-2024 aldi honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria da EPIKeko Arku Atlantikoaren Batzordeko burua.

Euskadi sartuta dagoen Eskualde Periferikoen eta Itsasokoen Konferentzian (EPIKen), kohesio-politikaren etorkizuna aztertuko da Europar Batasunaren esparruan. Foro horretan, Euskadik kohesio-politikaren edukiak birpentsatzeko beharra azpimarratuko du, Europa murgilduta dagoen trantsizio hirukoitzaren esparruan: digitala, ingurumenekoa eta soziala. Gainera, Azpiazuk planteatuko du Europan dauden finantzaketa-mekanismoek bat egiteko esparruak sortzeko aukera, baliabideak optimizatzeko eta horien erabilera planteatutako erronkak —oraingoak eta etorkizunekoak— lortzera bideratzeko.

Azpiazurekin batera, Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkari batzuk izango dira mintegi honetan: Iñaki Barredo, Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea; Yurdana Burgoa, Kabinete eta Koordinazioko burua; Juan Alberdi, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendaria; Alberto Ansuategi, Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria; eta Marta Marín, Euskadiko ordezkaria EBrako.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa —SEM—

Bestalde, Bruselarako bidaia hau baliatuz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua María Teresa Fábregas Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko zuzendariarekin bilduko da ostegunean bertan, Europako Batzordeko Idazkaritza Nagusian.

Bilera horretan, Europako SEM funtsen erabilerari dagokionez Euskadik planteatzen duen ikuspegiaren berri emango dio Azpiazuk, baita Eusko Jaurlaritzak funts horien kudeaketa arintzeko egiten dituen proposamenen berri ere, betiere Europak ezarritako parametroen barruan.

Era berean, azalduko dio Jaurlaritzak zein jarduketa garatzen dituen eragile pribatuak —batez ere enpresak— mobilizatzeko, funts guztiak biltzeari eta aprobetxatzeari begira, jakinda 2023a urte giltzarria dela eta funts askok abendurako konprometituta geratu behar dutela.

Era berean, sailburuak helaraziko dizkio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuari baliabideen hedapena hobetzen saiatzeko egin dizkion balio-proposamenak.