Euskadik hidrogenoaren aldeko apustua aurkeztu dio Frantziari Tourraren iritsierarekin

0

Eusko Jaurlaritzak Frantziako Tourraren iritsiera baliatu du Frantziako erakundeei energia berriztagarrien aldeko apustua aurkezteko, hala nola hidrogenoarena. SPRI Taldearen barruan dagoen Euskadiko Nazioartekotze Agentziak, Business Francek, Okzitaniako Gobernuak eta Credit Lyonnaisek (Tourreko babesle nagusia) antolatutako jardunaldi batean aurkeztu dituzte Euskadiren eta Frantziaren estrategia energetikoak.

Jardunaldia Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak zabaldu du eta nabarmendu du Frantzia dela Euskadiren bazkide komertzial nagusietako bat. “Euskadiko 90 enpresa baino gehiago daude Frantzian”, gogorarazi du, eta aipatu du aurten harremana indartu egingo dela Parisko Gobernuaren ordezkaritza berriarekin.

Amundarainek adierazi du hidrogenoa dela “etorkizuneko apustu handia” Euskadi sektorean erreferente bihurtzeko eta “Hidrogenoaren Euskal Korridorea bezalako proiektu gakoen bitartez” ekosistema sortzeko. Azken 30 urtetan izan den nahasketa energetikoaren aldaketa aipatu du. 1990ean energiaren % 20 ikatzetik zetorren eta egun desagertu egin da ia. Halaber, areagotu egin da gasaren erabilera, % 12tik % 35era.

“Euskadiren helburua da 2050ean erabat deskarbonizatzea. Lehen sortze-fabrika handiak zeuden, orain bakoitzak izan ditzake panelak, kooperatibak, eta Euskadik indar handia du horretan”. Sailburuordeak aipatu du Euskadiko 2023era bitarteko energia-estrategiaren xedea dela “Europan erreferentziazko lurraldea” izatea eta 2024an energia berriztagarrien kuota amaierako energia-kontsumoaren % 20 izatea. Zehaztu du planak zortzi energia berriztagarri motatan oinarritzen direla: eolikoa, fotovoltaikoa, hidrogenozkoa, biomasa, biometanoa, ozeanoa, olatuak eta karga elektrikoa.

Hidrogenoaren kasuan, nabarmendu du 38 proiektu baino gehiago daudela Hidrogenoaren Euskal Korridorean, eta 3.000 milioi eurotik gorako inbertsioa dago. “Eolikoetan industria-ekosistema oso sendoa dugu, 150 enpresa baino gehiagorekin, 15.700 milioi euroko fakturazioarekin eta 5.000 langile baino gehiagorekin”.

Bi proiektu aipatu ditu: litiozko bateria solidoak egiteko Basquevolt proiektua, Gasteizen lantegi handi bat ezartzeko helburua duena, eta Basque Net-Zero Supercluster, industria deskarbonizatzeko teknologiak identifikatzeko proiektu publiko-pribatua.

Jorge Martin Invest in Franceko zuzendariak Frantziako inbertsioen plana azaldu du. 2023ra bitarte 54.000 milioi euro bideratu dituzte berrikuntzara, industriaren eta teknologiaren suspertzera eta prestakuntzara, eta horietatik 12.000 gastatu dira. “Helburua da Frantzia karbono baxuko hidrogenoan liderra izatea, 9.000 milioirekin”.

Jalil Benabdillah Okzitaniako Gobernuko Ekonomia, Enplegu, Berrikuntza eta Berrindustrializaziorako presidente ordeak azaldu du 6 milioi biztanleko Frantziako eskualde horrek 170.000 milioi euroko BPG duela, eta liderra dela munduan aeronautika zibilean eta Europan espazioko aeronautikan. “Hidrogenoa garatzeko 300 ikerlari eta adituren proiektua dugu”.

Credit Lyonnaiseko Odile Doyetek energia gaietan aholkularitza jasotzeko bankuak duen aholkularien taldea aipatu du, eta Phillippe Sudres Tourreko komunikazio-arduradunak nabarmendu du txirrindularitza-lasterketaren antolakuntzako autoak hibridoak direla % 100ean, eta 2024rako “ibilgailu guztiek, Tourrean akreditatutakoak barne, elektrikoak izan beharko” dutela. Erantsi du plastikoa ezabatu dutela eta proban zehar 100.000 poltsa berrerabilgarri banatzen dituztela.

Jardunaldia amaitzeko hizketaldia egin dute Frantziako Tourraren gainean. Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak gidatu du eta Julian Gorospe eta Marino Lejarreta euskal txirrindulari ohiak izan dira hizlari. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak ere hitz batzuk esan ditu eta honakoa nabarmendu du: “Okzitanian jarduketa bateratua egiteko eta energia eta aeronautika gisako ikuspegi espezializatuetan harremana indartzeko aukera handia dugu”.