Hezkuntza sailburuak Erasmus Plus programaren barruan Lanbide Heziketarako mugikortasun-ekintzetarako 500.000 euroko laguntzen berri eman du

0

Gaur Gobernu Kontseiluak berak zuzentzen duen sailari buruz onartutako hainbat gai aurkeztu ditu Hezkuntza sailburuak. “Gai horiek garrantzitsuak dira eta, gainera, inbertsio handia dakarte berekin”.

Azpimarratu du milioi erdi euro onartu direla Lanbide Heziketaren esparruan ikaskuntza-arrazoiengatiko mugikortasun-ekintzak antolatzeko eta garatzeko, Erasmus+ programaren esparruan.

Deialdi honen helburua da, Erasmus+ programaren 2023ko deialdian, ikaskuntza arrazoiengatik, pertsonen mugikortasunerako onartutako proiektuak kofinantzatzeko dirulaguntzak ematea. Mugikortasun-proiektu horiek 2023-2024 ikasturtean gauzatu beharko dira. Mugikortasun horien azken onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikasleak edo irakasleak izan daitezke.

Europako Batasunak mugikortasun jarduera horiek finantzatzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa ez da nahikoa izaten jarduera horiek gauzatu ahal izateko, beraz Hezkuntza Sailak ezinbesteko deritzo deialdi hauek egiteari, Europako finantzazioak hartzen ez duen portzentajea osatzeko.

731 ikasle eta 716 irakasle

Azken ikasturte horretan (2022-2023), ikastetxe publikoek zein itunpekoek eskatu dute Erasmus+ mugikortasun-proiektuak egiteko laguntza deialdi honen bidez, Euskadiko Lanbide Heziketako 731 ikasle eta 716 irakasleren mugikortasuna gauzatzeko.

Deialdi honek laguntzen dituen ikasleen zein irakasleen mugikortasun-ekintzek honako helburu hauek sustatzen dituzte:

Parte-hartzaileei laguntzea ezagutza, trebetasunak eta gaitasunak bereganatzen, haien garapen pertsonala bultzatze aldera.

Lanbide Heziketako ikasleei atzerrian prestakuntza jasotzeko aukerak ugaritzea.

Ikasleei beharrezko dituzten trebetasunak ematea, hezkuntza eta prestakuntza-arlotik lan-merkatura igaro daitezen.

Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren esparruetan ohitura berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea bertan zein herrialde parte-hartzaileetan.