Lanbidek 5,17 milioira arte handitu ditu BGDS eta DBE jasotzen dutenak gizarteratzeko eta laneratzeko programetarako toki-erakundeentzako laguntzak

0
  • Europako funtsetatik 749.000 euro gehiago bideratuko ditu 2022an abian jarritako hamabost proiektuen garapena indartzeko

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 749.000 euro zabalduko ditu BGDS eta/edo DBE jasotzen duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko programetara bideratutako laguntzetan. Europako funtsetatik datorren kopuru hori aurreko urtean emandako 4,4 milioiei gehitu behar zaie.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du zabalkuntza hori, 2022an toki-erakundeek abian jarritako enpleguko eta prestakuntzako hamabost proiektu pilotuen garapena indartzeko.

Ekimen horri esker, iraupen luzeko 200 langabe inguruk parte hartu ahal izango dute Vitoria-Gasteiz, Zumárraga, Irún, Sestao, Santurtzi, Bilbo, Amurrio, Ermua, Urduña, Muskiz, Tolosa, Bermeo eta Arrasateko udalek eta Enkarterriko Mankomunitateak kudeatutako programetan.

Proiektuak enplegu eta prestakuntzarako jarduketa mistoak dira, bi fase dituztenak. Lehenengo prestakuntza-saioak bi hilabeteko iraupena izango du, eta bigarrenak, berriz, hamar hilabetekoa, orientazio eta laguntza pertsonalizatuko jarduerak barne hartzen dituena. Prestakuntzak irauten duen bitartean, parte-hartzaileek DBE edo BGDS jasotzen jarraitu ahal izango dute, dagozkien baldintzetan, ez direlako diru-sarrera gisa zenbatzen. Bestalde, kontratazio-aldian, DBEa ez da etengo; aitzitik, prestazioen zenbatekoa diru-sarrera berrietara egokituko da, enplegurako pizgarriak aplikatzen direlako.

Dirulaguntza hauen helburua da luzaroko langabeziaren eragin handia duten EAEko udalerri eta eskualdeetan pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak egiteko garatu beharreko jarduerei laguntza ekonomikoa ematea. 23. osagaiaren barruan sartzen da («Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak»), Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plan Nazionalaren barruan.

Hori gauzatzeko, Lanbidek toki-erakundeek parte hartzea sustatu du, luzaroko langabeen kopuru handia duten eta aipatutako laguntzak jasotzen dituzten eremu geografikoetako erakundeetara zuzenduta.