UPV/EHU-rekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin 2023-2026 aldirako programa-kontratuak izenpetetzea

0
  • Programa-kontratuen finantzaketa 235,2 milioi eurokoa da indarraldiko lau urteetarako, hau da, aurreko aldikoa baino 35,1 milioi handiagoa (+% 17,86)
  • Hiru unibertsitateetako bakoitzarekin sinatu beharreko hiru programa-kontratuen barruan, 122 ekintza identifikatu dira guztira
  • Hiru unibertsitateei programa-kontratu gisa eman beharreko finantzaketa duela gutxi onartutako 2023-2026 aldiko Unibertsitate Sistemaren Planean dago egituratuta

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, UPV/EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin 2023-2026 aldiko Unibertsitate Sistemaren Planari (Gobernu Kontseiluak joan den maiatzaren 30ean onartu zuen) lotutako 2023-2026 aldiko programa-kontratuak izenpetzea. Hezkuntza Sailak aipaturiko hiru euskal unibertsitateekin izenpetuko dituen programa-kontratuen finantzaketarako zuzkidura ekonomikoa 235.229.264 eurokoa da, hau da, 2019-2022 aldikoa baino 35.143.078 euro handiagoa.

Programa-kontratuak unibertsitateak finantzatzeko tresnak dira. Finantzaketa hori, nolanahi ere, unibertsitate bakoitzak Eusko Jaurlaritzarekin irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa hobetzeko adostutako helburuak lortzearen baldintzapean ematen da. Unibertsitate-politikako tresnak dira, eta aparteko baliabide ekonomikoak transferitzen dizkiete goi-mailako hezkuntzako zentroei, bi aldeen artean adostutako helburu estrategikoak betetzearen baldintzapean.

Emaitzetara bideratutako efizientzia

Programa-kontratuek hobekuntza handia dakarte unibertsitateek dituzten baliabideak arrazionalizatzeari eta emaitzetara bideratutako efizientziaren kultura gauzatzeari dagokienez, eta emaitzen hobekuntzaren eta ebaluazioaren kultura zabaltzen laguntzen dute. Hori dela eta, 2023-2026 aldiko Unibertsitate Sistemaren Planaren bitartez konprometitutako baliabideak eta finantzatzen diren jarduketak eraginkortasun, efizientzia- eta jasangarritasun-irizpideetan oinarrituta daude. Eraginkortasuna eta efizientzia, konprometitutako emaitzak soilik behar-beharrezkoak diren baliabideekin lortzeko, eta jasangarritasuna, berriz, hasitako jarduketak denboran bideragarriak izango direla ziurtatzeko.

2023-2026 aldirako programa-kontratu berrietan, honako eremu hauetako jarduketa-ildo estrategikoak lehenesten dira: Bikaintasun Zientzia, Unibertsitatea+Enpresa erlazioa, Irakaskuntza Berritzailea eta Kalitatekoa, Nazioartekotzea, eta Unibertsitate Komunitate inklusiboa eta berdintasunezkoa. Horiekin batera baita digitalizazioa eta inpaktu soziala ere.

Unibertsitate bakoitzari 2023-2026 aldian dagozkion zenbateko ekonomikoak honako hauek dira:

Programa-kontratuak 2023

(€)

2024

(€)

2025

(€)

2026

(€)

Guztira

(€)

UPV/EHU 37.180.000 39.433.200 41.834.192 44.185.801 162.633.193
Deustuko U. 9.787.593 9.977.967 10.110.739 10.307.935 40.184.234
Mondragon U. 7.654.884 8.155.114 8.251.755 8.350.084 32.411.837
Guztira 54.622.477 57.566.281 60.196.686 62.843.820 235.229.264

Hiru programa-kontratu

Beraz, Hezkuntza Sailak, adierazitako 2023-2026 aldiko Unibertsitate Sistemaren Planari jarraikiz, hiru programa-kontratu izenpetuko ditu unibertsitate bakoitzarekin, plan horretan ezarritako jarduketa-ildo estrategikoei loturik. Programa-kontratu horiek bi aldeek adostutako helburuak eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituzte. 122 ekintza identifikatu dira guztira.

Bikaintasun Zientzia programa-kontratua: bikaintasun-zientzia Euskal Unibertsitate Sistema testuinguru globalean kokatzeko eta finkatzeko funtsezko ardatzetako bat da. Programa-kontratu honen barruan, lau helburu ezarri dira: Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateak Euskadiko berrikuntza-eragile gisa kokatzea; bikaintasun-taldeen gaikuntza eta espezializazioa bultzatzea; Euskal Unibertsitate Sistemaren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste eragile batzuen arteko harremanak areagotzea; eta ikerketa-azpiegiturak sortzeko bidean aurrera egitea.

Hona hemen programa-kontratu honen 2023-2026 aldirako finantzaketa unibertsitate bakoitzarentzat:

  • UPV/EHU: 77.485.000 euro
  • Deustuko Unibertsitatea: 15.864.541 euro
  • Mondragon Unibertsitatea: 10.982.736 euro

Unibertsitatea+Enpresa+Gizartea programa-kontratua: programa-kontratu honetan, honako helburu hauek identifikatu dira: Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateak RIS3 lehentasunei lotutako ezagutza transferitzeko funtsezko eragile bihurtzea; ikasleen zein euskal enpresetako profesionalen enplegagarritasuna erraztuko duten jarduerak bultzatzea; Euskal Unibertsitate Sistema Euskadiren garapen sozioekonomikorako funtsezko eragile bihurtzea; eta ekintzailetzaren kultura sustatzea, unibertsitatearen barruan zein unibertsitatetik kanpo. Programa-kontratu honek, halaber, unibertsitate-komunitate inklusibo eta berdintasunezkoaren ardatza lantzen du, genero-berdintasunari eta euskararen normalizazioari lotutako helburu eta ekintzekin.

Hona hemen programa-kontratu honen lau urteko aldirako finantzaketa unibertsitate bakoitzarentzat:

  • UPV/EHU: 44.534.716 euro
  • Deustuko Unibertsitatea: 11.521.083 euro
  • Mondragon Unibertsitatea: 13.194.245 euro

Nazioartekotzea+Irakaskuntza berritzailea programa-kontratua: nazioartekotzearen ardatza (orain Unibertsitatea+Basque Country izenekoa) 2019-2022 aldiko Unibertsitate Sistemaren Planean ere jasota zegoen, eta lehentasunezko ardatz bihurtu da orain. Ardatz honetan, lau helburu identifikatu dira: nazioartekotzea bultzatuko duen testuinguru bat garatzeko baliabide fisikoak eta giza baliabideak gaitzea; eskualde eta eragileekin nazioartekotzera bideratutako akordio estrategiko eta lankidetza-eredu berriak abian jartzea; ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen nazioarteko mugikortasuna (In & Out) bultzatzea; eta Euskal Unibertsitate Sistemaren prestakuntza-eskaintza atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera garatzea.

Hirugarren programa-kontratu honek Irakaskuntza Berritzailea eta Kalitatekoa ardatza ere jasotzen du, honako hiru helburu hauekin: ikaslea ardatz izango duten irakaskuntza-metodologia berritzaileei buruzko ikerketa-jarduerak garatzea; unibertsitateko langileak irakaskuntza-metodologietan eta hezkuntza-berrikuntzako programetan gaitzea; eta Euskadirentzat funtsezkoak diren jakintza-arloak bultzatzea, hala nola Osasun Zientziak eta Hezkuntzari buruzko azterlanak.

Hona hemen programa-kontratu honen lau urteko aldirako finantzaketa unibertsitate bakoitzarentzat:

  • UPV/EHU: 40.613.477 euro
  • Deustuko Unibertsitatea: 12.798.610 euro
  • Mondragon Unibertsitatea: 8.234.856 euro

Garatu beharreko ekintzez gain, hiru programa-kontratuetako bakoitzak jarraipen eta ebaluazio-irizpideak zehazten ditu, baita 2023-2026 aldiko lau urteetako bakoitzerako ezarritako askotariko adierazleak eta xedeak ere.