UPV/EHUren Klaustroak Ikasleen falta eta zigorren arautegi berria onartu du

0

Ikasleari aplikatu beharreko falta eta zehapenen araubidea ezartzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearen Klaustroak arautegi berria onartu du, gaur Bizkaia Aretoan bilduta, arlo horretako arauak eguneratuz.

Aldaketa egin beharra zegoen, 2022ko Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legeak indargabetu egin baitzuen Goi Mailako Irakaskuntzako Ikastegien Diziplina Akademikoaren arautegia (Konstituzioaren aurreko testua, 1954an onartutakoa) eta urtebeteko epea eman baitzien unibertsitateei legean aurreikusitakoa garatzeko.

Arautegi berriaren barruan, faltak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke. Lehenengo kategorian sartuko lirateke honako era hauetako jokaerak: hasiberri txantxak, indarkeria fisiko edo hitzezkoa, sexuagatiko edo generoagatiko jazarpena, edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatiko diskriminazioa, dokumentu akademikoak legez kontra erabiltzea, UPV/EHUren ondare historiko eta kulturala suntsitzea edo hondatzea, plagio edo iruzur akademikoak, etab. Hutsegite larri eta arinen katalogoaren ardatz eta xede da pertsona guztien askatasuna bermatzea, bai eta iruzur akademikoak egitera edo beste pertsona batzuen lan intelektuala eta ikertzailea aprobetxatzera zuzendutako jokabideak debekatzea ere.

Era berean, zehapenak oso larri, larri eta arin gisa sailkatzen dira; kasu larrienetan, unibertsitatetik aldi baterako kanporatzeekin hasi eta, kasu arinenetan, kargu hartze pribatuetara arte.

Arautegi berri honen alderdi garrantzitsu bat da zehapenen aplikazioaren ordezko neurriak hartzeko aukera aurreikusten duela, betiere Bizikidetza Batzordearen aldeko txostena egonez gero. Neurri horien barruan sartzen dira, besteak beste, zehatutako pertsonaren lankidetza pertsonala unibertsitate balioko jardueretan eskaintzea, biktimei edo zehatutako egintzengatik iraindutako pertsonei sorospen edo laguntza lanak egitea, zigortutako gertaerekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroetara joatea, eta abar. Heziketa eta oneratzea helburu duten neurriak dira, beti ere egitateak egin dituen pertsonak egindakoa aitortu eta egindako horren zuzeneko kaltea jasan duten pertsonen adostasuna izanez gero. Diziplina prozedura eteteko aukera ere aurreikusten da, baldin eta alderdiek adieraziko balute bitartekaritza prozedurari heltzeko borondatea eta Bizikidetza Batzordeak bidezkoa dela erabakiko balu.

Klaustroak onartutako testua Gobernu Kontseiluak aldez aurretik ezarritako prozeduraren emaitza da: ibilbide irekia eta parte-hartzailea, arauaren egiteko. Hartara, lantalde bat sortu zen, gerora osatuko zen arautegia aplikatzeko ardura luketen atal eta unibertsitate komunitateko sektoreetako arduradunak biltzen zituena (ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak). Testuari buruzko kontsulta publiko bat ere egin zen, bai eta Ikasleen Kontseiluaren eta ordezkaritza sindikalaren iritzia eskatu ere. Hauek egindako ekarpenak lantaldeari helarazi zitzaizkion, gehienak onartu eta testuetan sartu zirelarik. Ikasle Kontseiluak ere aldeko txostena egin du arautegi honi dagokionean.

Eva Ferreira errektoreak ontzat jo du araudi hau. Unibertsitate komunitateko kolektiboen artean lortutako adostasuna ere azpimarratu du eta, bereziki, ikasleen parte-hartzea. “Arau honek -nabarmendu du- 1954ko dekretua ordezkatzen du eta elkarrizketarako eta eraikuntzarako bizikidetza-ereduetan oinarritutako balio demokratikoetara egokitzen da”.

Aldezlearen urteko txostena

Klaustroaren saio berean, Euskal Herriko Unibertsitateko Aldezleak, Iñigo Urrutia Libaronak, zerbitzuaren jarduerei buruzko urteko txostena aurkeztu du, 2022koa. Organo eta zerbitzuen jarduketetan unibertsitateko kide guztien eskubide eta askatasunak errespeta daitezen bermatzeaz arduratzen da Aldezlea. Era berean, unibertsitateko kideen arteko auzietarako bitartekaritza egiteko instantzia ere bada.

Haren esku hartzeak hainbat kategoriatan sailkatzen dira: kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak. Kontsultak interesdunek beraiek egiten dituzte, beren eskubideen nondik norakoak ezagutzeko eta horiek nola babestu jakiteko, baita unibertsitateko organo eta zerbitzuen jarduketa eremuak zeintzuk diren ezagutzeko ere. Legez dagozkien eskubideak edo interes legitimoak urratu direla uste duten pertsonek aurkezten dituzte kexak. Eta, azkenik, unibertsitateko kide biren edo gehiagoren artean gatazka sortzen denean planteatzen dira bitartekaritza prozesuak. Horietan, alde bientzako egokia den akordioa bideratzen saiatzen da Aldezlea.

Egindako esku hartzean, Aldezleak azpimarratu du 2022. urtean 190 pertsonak jo zutela zerbitzu honetara, eta 159 gai planteatu zituztela guztira (kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak, besteak beste). UPV/EHUn Aldezlearen zerbitzua martxan jarri zenetik, 1.297 pertsona igaro dira guztira, eta 1.543 kasu eta 101 gertakari aurkeztu dituzte.

Kolektiboka sailkatuta, ikasleek planteatu dituzte 61 auzi; 55 irakasle-ikertzaileek; 21 administrazio eta zerbitzuetako langileek; eta 22 unibertsitatetik kanpoko pertsonek (“Beste batzuk” kategorian bilduak). Planteatutako auzi guztietatik, behar bezalako erantzuna jaso dute kontsulta eta bitartekaritza guztiek (118 eta 2, hurrenez hurren). Jasotako 39 kexetatik, 16 onartu ziren. Aldezlea pertsona edo organo interesdunekin jarri zen harremanetan, aurkeztutako kexei konponbidea topatze aldera, eta horien erantzuna positiboa izan da ia kasu guztietan: onartu diren 16 kexetatik 15etan onartu egin dituzte Aldezlearen planteamendu eta gomendioak.

Klaustroari egindako aurkezpenean, zenbait gomendio orokor ere egin zituen Aldezleak, unibertsitatearen funtzionamendua hobetzeko eta bertan lan egiten duten nahiz harekin harremanetan dauden pertsonen eskubideak bermatzeko. Era berean, hainbat gai jorratu zituen, hala nola irakasgaiak gainditzeko eskatzen diren notak; azterketen egutegiaren malgutasuna ikasleen ordezkarientzat; ikasleek ebaluazio proben kopia jasotzeko eskubidea; Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legearekin lotutako zenbait puntu; fakultate eta eskolek kudeatutako espazioak lagatzeko irizpideak; edota ikerketa proiektuetako gerakinen helburua.

Aldezleak, Iñigo Urrutiak, esan duen moduan: “Unibertsitatean, gizarteari zerbitzu publikoa emateko ardura dugu, kalitate eta bikaintasun estandarrik handienak bermatuz, baita egoera pertsonalen aniztasuna ere. Uste dut unibertsitate baten kalitatea ez dela soilik bikaintasun rankinetan duen posizioaren arabera neurtu behar, baizik eta planteatzen zaizkion gaiak nola kudeatzen dituen ere aztertu behar dela, pertsona ahulenen eskubideen bermea eta unibertsitate ikasketak egiteko zailtasun handienak dituzten pertsonen eskubideak barne. Egoera ahulenean daudenek goi-mailako irakaskuntzarako eta ikerketarako sarbidea izateko konpromiso soziala eta pertsona guztien eskubideen bermea ere kalitate irizpidetzat hartu behar dira unibertsitate erakundeak gizarteari ematen dion zerbitzua balioesteko orduan”.