Barakaldo Irisgarritasun Unibertsaleko Plan bat sortzeko lanean ari den Euskadiko lehenengo udalerria da

0

Barakaldo dagoeneko lanean ari da Irisgarritasun Unibertsaleko Planean. Proiektu horren bidez Barakaldo ezaugarri horiek dituen plan bat duen Euskadiko lehenengo hiria izango da. Helburua bizitzeko hiri hobe bat lortzea eta herritar guztion bizi kalitatea hobetzea da. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak ekimena aurkeztu du gaur goizean. Horrela, duela urtebete barakaldarrek sortutako Hiri Agendan jasotako hamaika helburu estrategikoetako bat bete da.

Irisgarritasuna herritar guztien bizi kalitatea sustatzeko oinarrizko printzipio bihurtu da, Irisgarritasun Unibertsalaren Euskadiko Estrategiak (Gobernu Kontseiluak onetsita, 2020ko otsailaren 4an), eta EAEko Irisgarritasun Unibertsalaren arloko Lehen Ekintza Planak (Gobernu Kontseiluak onetsita, 2021eko azaroaren 2an) ezartzen duten bezala.

«Irisgarritasuna inguruko beste ezaugarritzat hartu behar dugu. Bere helburua bizitza gizatiarragoa izatea da. Hori da Udalak lortu nahi duena, gure egunerokotasuna nola edo hala baldintzatzen duten egoera pertsonal guztien premiei arreta ematea», adierazi du Del Campok.

Barakaldoko Udala ISEK – Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren kide laguntzailea da, eta Udalaren helburuak betetzeko, laguntza teknikoa kontratatu du hiriko Irisgarritasun Unibertsaleko Plana sortzeko eta onesteko. «Kontuan izan behar dugu irisgarritasuna herritar guztiongan duela eragina, ez soilik desgaitasunen bat duten pertsonengan, baizik eta adinekoengan, haurrengan, haurdun dauden emakumeengan, haur kotxea edo paketeak garraiatzen dituzten pertsonengan, etab. Aintzat hartu behar dugu guztiok, orain arte izan ez bada ez bada, noizbait, desgaitasunen bat izango dugula. Hori dela eta, irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua jorratu behar da, hiria pertsona guztiontzako atsegina izan dadin lortu, bai arlo fisikoan, bai garraioetan edo Udalaren beraren izapideak egitean», adierazi du.

IRIS GARRITASUN UNIBERTSALEKO PLANAREN FASEAK
Horrela, Euskadiko lehenengo irisgarritasun unibertsaleko plana izango da Barakaldokoa. Horren helburua irisgarritasun fisikoa zein herritarren harremanetarako kanaletan irisgarritasuna hobetzea izango da, udal zerbitzuez gozatze aldera.

Udal planaren helburua da herritarrekin batera identifikatzea zein jarduketa ildo jarraitu behar diren datozen urteetan udalerrian irisgarritasun unibertsala hobetzeko. Toki publikoetan lan egingo da, hala nola kaleetan, espazio publikoetan, udal eraikinetan, garraioetan, seinaleetan, 101 kanalean, HAZ bulegoetan, Barakaldo app aplikazioan, egoitza elektronikoan, etab.

Irisgarritasun Unibertsaleko Plana sortzeko prozesua zortzi fasetan banatuko da. Horietako bat herritarrek parte hartzeko prozesua izango da. Aurrez aurreko tailerrak antolatuko dira adinekoekin, desgaitasuna duten pertsonekin eta, oro har, Barakaldoko herritarrekin. Gainera, online parte hartzeko sistema bat abiaraziko da udal webgunean proposamenak aurkezteko.

UDALAREN LEHEN AURRERAPAUSOAK
Plana sortu aurretik, Barakaldoko Udalak Next Generation funtsen Europako finantziazioarekin udal gida bat sortu du idatzizko zein ahozko komunikazioa irisgarria izan dadin. Gidaren jarduketa ildoak Barakaldoko Irisgarritasun Unibertsaleko Planean txertatuko dira, Udalak herritarrei ematen dizkien zerbitzuen erabilgarritasuna hobetze aldera, arretarako kanalen bidez, aurrez aurre eta kanal elektronikoetan.