- Jokin Bildarratz sailburua 30 herrialde baino gehiagotako eta jakintza-arlo guztietako zientzialariekin bildu da, ikerketa-proiektu ezberdinetan aurrera egiteko puntu komunak eta beharrak identifikatzeko helburuarekin
- Euskadiko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten ikertzaileak dira
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Ikerbasqueko zientzialariekin bildu da gaur goizean Villabonan. Gero eta konplexuagoa eta eklektikoagoa den mundu honetan, funtsezkoa da zientzian aurrera egiteko hainbat jakintza-diziplinatako ikertzaileen artean sinergiak, puntu komunak, bilatzea, egiten ari diren ikerketan aurrera egiten lagun diezaieten. Horregatik, Ikerbasquek nazioarteko 152 ikertzaile bildu ditu gaur Villabonan. Ikertzaile horiek Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan egiten dute lan, helburu bikoitzarekin: datozen urteetan Euskadin zientzia sustatzen lagunduko duten puntu komunak identifikatzea eta adimen artifizialak dakartzan erronkei eta aukerei buruz eztabaidatzea.
Bildarratzek, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoarekin eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin batera, ireki du jardunaldia. Jardunaldiaren hasieran, Bildarratz sailburuak Ikerbasqueren 16 urteak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du ibilbide horretan Zientziarako Euskal Fundazioa sendotu egin dela, 345 ikertzailerekin; talentua erakartzeko programarik garrantzitsuena, ez bakarrik Euskadin, baita Estatuan ere.
Bestalde, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak azpimarratu du ikerkuntzan egindako apustuari eta inbertsioari eutsi behar zaiola. Epe luzera, ikerketak produktu eta zerbitzu berriak sortzen ditu, euskal enpresek lehiakortasuna hobetzeko eta aberastasuna eta enplegua sortzeko. Epe laburrean, ikerketako inbertsioak berehalako itzulkinak lortzen ditu Euskadirako funts gisa, eta funts horiek inbertsio eta enplegu bihurtzen dira.
Irekieraren ondoren, Ikerbasque ikertzaileek, lantaldeetan banatuta eta beren ikerketa-esperientzia zabala aprobetxatuta, beren egungo lan-ildoak aurkeztu dituzte, eta bereziki beren egungo eta etorkizuneko ikerketak bultzatzeko beharrak identifikatu. Guztira, hainbat arlotako 34 ikertzailek esku hartu dute: minbizia, gaixotasun neurodegeneratiboak, mikrograbitatea, energia edo material berriak.
Bestalde, Ikerbasqueko gizarte-zientzien eta giza zientzien arloko ikertzaileek eztabaida emankorra izan dute adimen artifizialari buruz eta beren ikerketa-ildoetarako eskaintzen dituen erronkei eta aukerei buruz.
Ikerbasqueri buruz:
Ikerbasqueren programek talentua erakartzeko eta atxikitzeko helburu argia dute: batetik, beren ikerketa-lana atzerrian egiten ari direnak erakartzea da helburua, arreta berezia jarriz beren karreraren uneren batean kanpora joan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileen itzuleran; eta, bestetik, Euskadin dagoeneko ikertzen ari direnei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.