532 euskal ikasle atzerrian hizkuntza ikastaroez gozatzen ari dira uda honetan

0
  • Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak dira, Batxilergoko eta DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek uztaila eta abuztua bitartean egingo dituztenak
  • Hezkuntza Sailak 1,3 milioi euro bideratu ditu Irlandan, Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian garatuko den programa hau finantzatzeko

Udaldiarekin batera, atzerriko egonaldiak hasi dira 532 euskal ikaslek hizkuntzak ikasteko, Hezkuntza Sailaren eskutik. Uztailean eta abuztuan garatu ohi den programa hau finantzatzeko 1,3 milioi euro bideratu ditu aurten Hezkuntza Sailak. Ingalaterran ez ezik, Irlandan, Frantzian eta Alemanian ere egiten dituzte egonaldiak –frantsesa eta alemana ikasteko, azken bi kasuetan–. Hiru asteko ikastaroak dira, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduak.

Datozen egunetan Ingalaterrako hainbat helmugatara egingo dira irteerak, besteak beste, Nottingham hirira, Nottinghamshire konderrian; Peterborough, Cambridgeshire konderrian dagoen katedradun hirira; edo Eastbourne, Ekialdeko Sussex konderrian, Ingalaterrako hegoaldeko kostaldean.

Ingalaterrak hartuko ditu Hezkuntza Sailak urtero bultzatzen duen programa honen barruan euskal ikasle gehien: 264 gazte guztira, Ingalaterrako bost hiritan, uztailean eta abuztuan. Beste 198 ikasle Irlandara joango dira, 50 dagoeneko Frantzian frantses maila hobetzen ari dira, eta 20 gaztek gauza bera egingo dute Alemanian, alemanarekin.

Frantsesa ikasten ari diren ikasleak uztailaren 2an abiatu ziren, eta Saint-Malo hiri bretainiarrean (Ille eta Vilaine departamenduan) eta Loches Erdi Aroko hiri txikian (Indre eta Loira departamenduan, Frantziako erdialdeko eskualdean) ari dira egonaldiak egiten. Azkenik, alemaneko ikasleak abuztuan Wiesbadenera joango dira, Hesse estatu federatuko hiriburura, Alemaniako hego-mendebaldean, Rhin ibaiaren ertzean.

Eskolak eta jarduera osagarriak

Egonaldian, ikasleek hautatutako hizkuntzaren eskolak jasotzen dituzte ikastegi batean (ingelesa, frantsesa edo alemana), astean 15 saio inguru, astelehenetik ostiralera goizez. Baina eskolen osagarri gisa, ikasle horiek jardueraz eta txangoz osaturiko eguneroko egutegia ere izango dute: astean bost jarduera sozial, kultural edo kirol ekintzak (kirolak, talde-jolasak, hirian zehar eta interes handiko lekuetara bisitak…), arratsaldez egiten direnak; eta astean egun osoko txangoa interesguneren batera, normalean asteburuetan.

Maila homogeneoko taldeak osatzeko, lehenengo egunean ikasleek test bat egiten dute beren hizkuntza-maila ebaluatzeko. Eskolak talde txikietan egiten dira (gehienez 15 ikasle gela bakoitzeko) eta, horrela, hizkuntza praktikatzen eta ikasten laguntzen da.