Besterwood, egurraren ignifugazioaren negozio berritzailea

0

Besterwood Gasteizko ETE bat da, eta egurra babesteko negozio eta tratamendu berritzailea eskaintzen du: egurraren ignifugazioa; hau da, sutea gertatuz gero, kearen eta sugarren hedapena atzeratzeko eta sortzen den ke kantitatea mugatzeko materialaren estaldura. Derrigor erabili behar da sektore publikoan, baina ez sektore pribatuan; beraz, gutxi erabiltzen da etxebizitzak eraikitzeko.

Informazio hau “Hablamos de ti” ekimenaren bidez sortu da. SPRI Taldeak Euskadiko enpresei haien proiektuak beren plataforma bidez ezagutarazteko aukera eskaintzen die.

Enpresa 2009an sortu zen Gasteizen eta estaldura metalikoen inguruan lan egiten duen Industrias Dimo enpresari atxikita dago. 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz sortu zen enpresa, “gure jarduera dibertsifikatzea eta materialen beste tratamendu bat eskaintzea planteatu genuen, kasu honetan egurrarekin”, azaldu du Alicia Sanz Pinedok, Besterwoodeko Finantza arloko zuzendariak.

Gasteizko enpresak, bazkideetako baten bidez, egurra ignifugatzeko sistemen patentea zuen, eta hala jarri zuen enpresa Industrias Dimo enpresaren egoitzan. “Eusko Jaurlaritzak ere egin zuen egurra erabiltzearen aldeko apustua, eta Eraikuntzako Kode Tekniko berria lagungarria izan zen; horren arabera, egurrezko materialak dituzten eraikin eta garraiobide publiko guztiek suaren aurkako arauak bete behar dituzte”.

Azken hamarkadetako eraikuntzaren krisiak ez du negozioa azkar garatzen utzi, eta orain batez ere garraio publikoan oinarritu da, tranbietako egurrezko zoruan, esaterako.

Segurtasuna

Ignifugazioa egurra estaltzeko sistema bat da eta, sutea gertatuz gero, denbora-tarte jakin batean sugarrik edo kerik ez sortzea ahalbidetzen du. Horrela, tarte horretan, garraioaren erabiltzaileak atera daitezke. “Egurraren tratamendu tradizionalen osagarria da. Abantaila da taulak konformatu ondoren zuzenean inpregna daitezkeela”.

Besterwooden bezero nagusiak egurra hornitzen duten enpresak dira. Beste nolabait esanda, katearen lehen maila. Praktikan, garraio publikorako eta eraikin publikoetarako erabiltzen da; hala nola Gasteizko Kongresu Jauregirako. “Ez dugu ezagutzen azken erabilera-helburua, baina badakigu sektore publikoa dela bezero nagusia”.

I+G arloa funtsezkoa da enpresaren negozioan. Añanako gatzagetako gatza produktu inpregnatzaile gisa erabiltzen saiatu ginen proiektu batean parte hartu genuen, baina ez zuen arrakastarik izan; ez zituen betetzen arauak ezarritako ezaugarriak”.

Funtsean, egurraren ignifugazio-prozesuaren hedapena da enpresaren erronka, eta arlo horretan ez du lehiakiderik Euskadi mailan. “Preskriptore izan daitezkeenetako askok ez dute ignifugazioa ezagutzen, batez ere eremu pribatuan”. Hori dela eta, tratamendu horren erabilera bultzatzeko hitzaldiak ematen hasi dira. “Sektore publikoan, derrigorrezkoa da. Bezero-zorroa handitzea da aurrean dugun erronka”.