Ertzaintza ziberdelituaren aurka borrokatzen ari da sare sozialetan, EBk finantzatutako ENGAGE proiektuarekin, 8 herrialdetako 14 erakunderekin lankidetzan

0

Ertzaintzaren sare sozialetako plataformek abiaraziko dute ziberkrimenari aurre egiteko kontzientziazio-kanpaina Europako ENGAGE proiektuaren baitan, Europar Batasunak finantzatuta dagoen eta euskal polizia partaide duen proiektuetako bat izanik. Helburua da herritarrak eta enpresak kontzientziatzea eta inplikatzea teknologia berrien bidez egiten diren delituen aurkako borrokan. Zenbakiak gora egiten ari direnez, poliziak prebentzioaren arloan duen erronka nagusietako bat da.

Uztailak 10ean hasita, eta datozen 30 egunotan, Ertzaintzak aholku eta mezu didaktikoak argitaratuko ditu bere sare sozialetan, teknologia berriak etengabe erabiltzearen ondorioz gure eguneroko jardunean jaso ditzakegun zibermehatxuei aurre egitean gizartea gehiago sentsibilizatzeko. Ekimena abian jarri duen Europako ENGAGE proiektuan beste hamalau bazkiderekin batera lan egiten du Ertzaintzak, horien artean Europako zortzi herrialdetako enpresak, erakundeak eta unibertsitateak daude, eta proiektuaren helburua da gizartea larrialdi-egoerak kudeatzen eta larrialdiei erantzuna ematen inplikatzea.

ENGAGE proiektuak gizartearen erantzuna areagotu nahi du eta hondamendi ezberdinei, horien artean, ziberkrimenari aurre egiteko herritarren aukerak hobetu nahi ditu. Gainera, helburua larrialdietako zerbitzuen eta herritarren arteko elkarreragina hobetzea denez, soluzio-katalogo bat garatu da.

Kanpaina hau katalogo-horretako soluzioetako batetik abiatuta diseinatu da, ziberdelituei aurre egiteko eta halako delitu baten biktima izanez gero nola jardun jakiteko herritarrak hobeto kontzientziatzeko eta prestatzeko helburuarekin. Modu horretan, babestu egin behar dela azpimarratuko da egunero zabalduko diren aholkuen bidez.

Ertzaintzaren komunikazio-kanpaina Tecnunekin, Nafarroako Ingeniaritza Eskolarekin, batera diseinatu da, eta eskola arduratuko da emaitzak aztertzeaz.

Kanpaina hasiko da “pasahitz seguruak” mezuarekin, eta hilabetean zabalduko dira online jardunbide egokiei buruzko era askotako edukiak izango dituzten mezuak, gure gailuetako segurtasuna zaintzeko, delitugileak ez daitezen gure datuetara sartu phishing edo malware bidez, eta, aldi berean, gure pribatutasuna babesteko.