Eusko Jaurlaritzak % 14ko igoera adostu du Abokatutzaren hiru elkargoekin ofizioko eta indarkeria matxistako txandetarako

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi
  • Justizia Sailburuordetzak proposamen bera egin die prokuradoreen elkargoei

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Justizia Sailburuordetzaren bitartez, % 14ko igoera adostu du Abokatutzaren hiru elkargoekin (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), Doako Laguntza Juridikoaren eta Etxeko Indarkeriaren edota Sexu Erasoen Biktimen zerbitzuei dagokienez.

Adostutako eguneratzea uztailaren 1etik aurrera aplikatuko da Doako Laguntzaren kasuan, eta indarkeria matxistako guardien igoera, berriz, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Akordioan jasotzen den bezala, “adingabeen eta desgaitasunaren arloko legegintza-berrikuntzak sartuko dira akordioan, eta elkargoek gai horiei buruzko berariazko prestakuntza egokitu beharko diete zerbitzua ematen dutenei”.

 “Gure asmoa konponbideak bilatzea izan da beti. Euskal sindikatuekin funtzionarioen plantillarako akordio bat adostuz egin genuen, eta orain Abokatuekin eta Prokuradoreekin”, Ana Agirre Justiziako sailburuordeak azaldu duenez.

Justizian arreta handiz jarraitzen dute Estatuko gainerako lurraldeetako mobilizazioen bilakaera; izan ere, gogorarazi duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko abokatuek, Euskadin ez ezik, beste lurralde askotan ere jarduten dute, eta bereziki Madrilen, Auzitegi Gorenarekin edo Auzitegi Nazionalarekin, adibidez”.

Bestalde, sailburuordeak iragarri du % 14ko igoera negoziatzen ari direla prokuradoreen elkargoekin, eta lantalde bat sortuko dutela Doako Laguntza Juridikoari buruzko urriaren 30eko 153/2018 Dekretuaren 3. eranskina berrikusteko.