Gobernu Kontseiluak sei legeren euskarazko bertsioa eguneratzeko eta harmonizatzeko legegintzako dekretuak onartu ditu

0
  • Neurriaren helburua da segurtasun juridikorik eza saihestea da, hizkuntzaren ikuspegitik idazketa desegokia eragin lezakeelako
  • Legegintzako Dekretuek honako lege hauek egokitzeko dira: Euskadiko ereserki ofizialarena, EAEko erakundeen egoitzarena, IVAPen araubide juridikoarena, Euskal Eskola Publikoarena, EAEko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoena eta Mondragon Unibertsitatearen aintzatespenarena

Eusko Jaurlaritzak sei legeren euskarazko bertsioa eguneratzeko eta harmonizatzeko beharrezkoak diren legegintzako dekretuak onartu ditu gaur, betiere lege horien bi hizkuntza bertsioen (euskara eta gaztelania) baliokidetasuna bermatuta gera dadin. Neurri horren bidez, hizkuntzaren ikuspuntutik idazketa desegokia izateak sor ditzakeen segurtasun juridiko ezaren arazoak saihestu nahi dira.

Euskarazko bertsioetan eguneratze txikiak eskatzen dituzten sei legeak 80ko eta 90eko hamarkadakoak dira. Honako hauek dira:

– 1/1980 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzari buruzkoa.

– 16/1983 Legea, uztailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) Araubide Juridikoari buruzkoa.

– 8/1983 Legea, apirilaren 14koa, Euskadiko Ereserki Ofizialari buruzkoa.

– 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.

– 2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzkoa.

– 4/1997 Legea, maiatzaren 30ekoa, Mondragon Unibertsitatea aitortzekoa.

Lege horiek onartu zirenetik, euskara tekniko eta juridikoak aurrerapen garrantzitsuak izan ditu, eta horrek lege horien euskarazko bertsioan erabilitako hizkuntzaren zaharkitze terminologikoa eragin du. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da euskarazko testuari  hizkuntzaren bilakaerarekin bat datorren egitura gramatikala eta linguistikoa ematea.

Itzulpenen baliokidetasun juridikoa eta zehaztasuna itzultzeko eta bermatzeko lana Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE/IVAP) egin du. Erakunde hori Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita dago, eta hain zuzen ere honek izapidetu ditu sei legegintzako dekretuak, lege bakoitzerako bana. Legeak Legegintzako Dekretu bidez baino ezin dira aldatu, eta edozein aldaketa egiteko, gutxienekoa izanda ere, mekanismo horren bidez egin behar da.

Egokitzapen horiek Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean oinarrituta egiten dira. Lege horretan, Jaurlaritzari legegintzarako eskuordetza bat ematen zaio, lege horien euskarazko bertsioa eguneratzeko.