Osasun Sailak Esklerosi Anizkoitzaren inguruko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia egin du

0

Gobernu Kontseiluari gaur jakinarazi zaionez, Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduiren Agindua onartu da; Agindu horren bidez, EITB Maratoia 2022ren bitartez bildutako funtsekin Esklerosi Anizkoitzaren inguruko ikerketa-proiektuak egiteko Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) laguntzen deialdia egiten da.

Aurten ere, askotariko elkarte, erakunde eta entitateen eta beste pertsona askoren lankidetza aktiboa jasotzen duen ekimen solidario horren bidez bildutako dirua ikerketa biomedikora bideratuko da; oraingoan, Esklerosi Anizkoitzaren inguruko ikerketara.

Hain zuzen ere, Osasuneko sailburuak esker ona adierazi die euskal herritarrei ikerketa bultzatzen aktiboki lagunduko duen elkartasun-agerraldi horrengatik.

Osasun Sailak Euskadiko osasun-sisteman ikerketa eta berrikuntza sustatzeko sortutako BIOEF erakundeak kudeatuko ditu gaixotasun horren ezagutza handitzeko eta azterketan aurrera egiteko aukera emango duten ikerketa-proiektuak finantzatzera bideratutako laguntza horiek.

Deialdiak milioi bat euro inguruko zuzkidura du, eta Esklerosi Anizkoitzari buruzko ikerketa-proiektuetara irekita dago. Proiektu horiek osasun pertsonalizatura bideratutako ikuspegi orokorra izango dute, eta honako arlo eta ildo hauek izango dituzte ardatz:

  • Prebentzioa, detekzio goiztiarra eta diagnostikoaren hobekuntza.
  • Tratamendu berriak eta osasunean aplikatutako teknologiaren erabilera.
  • Gaixotasunaren etiologia.
  • Azterlan epidemiologikoak.
  • Pazienteentzako prestazio asistentzial eta psikosozialaren hobekuntza.
  • Ikerketa soziosanitarioa eta antolamendukoa, pazienteen, senideen eta beste zaintzaile batzuen bizi-kalitatea hobetuz.

Osasunaren inguruko ikerketaren aldeko apustua Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, baita bere helburu nagusia lortzeko oinarria ere: euskal osasun-sistema publiko, unibertsal, jasangarri eta kalitatekoa zaintzea, ikerketaren emaitzak emaitza sozial eta ekonomiko bihur daitezen lortzea, eta Euskadin osasun-arloko ezagutza sortzen modu aktiboan laguntzea.