Garraio Sailak ostiralean, hilak 14, irekiko du Zarauzko San Pelaioko azpiko pasagunea

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, ostiral honetan, hilak 14, irekiko du Zarauzko San Pelaioko azpiko pasagunea, trenbidearen iparraldean eta hegoaldean dauden bi bizitegi-sektoreren arteko lotura errazteko. Horrela, udan hondartzara doazen oinezkoentzako sarbidea ere erraztuko da.

Aldi berean, azken urtean alternatiba gisa erabili den oinezkoentzako behin-behineko pasabidea itxi egingo da. Desmuntaketa datorren astelehenetik aurrera hasiko da eta astebete inguru iraungo du. San Pelaioko geralekuko lanak, bestalde, datorren hilean amaituko dira eta irailaren hasieran martxan jartzea aurreikusten da. Trenbide-azpiegitura horren eskaria hirukoiztu egin da azken urteotan, 2013an 100.029 erabiltzaile izatetik 2019an 331.595 izatera igaro baita. Donostian Topoaren trenbide-saihesbidea martxan jarri ondoren ziurrenik igoera hori areagotuz joango da Zarautz-Donostia tartean.

Obren ondoren, San Pelaioko azpiko pasabideak 3 eta 6 metro bitarteko zabalera izango du. Nasa 70 metro luze eta 2,80 metro zabal zen, eta babes-elementu gisa geralekuak 11 metro inguruko markesina bat zuen nasaren erdian. Irailetik aurrera, nasa 80 metro izango da luze eta 3,5 metro zabal, eta markesina 28 metro luze.

Geltoki berriak 100 metro karratuko ataria izango du, eta azpiko pasabidetik sartuko da bertara. Txartelak saltzeko makinak, makina baliogabetzaileak, txartelak saltzeko mahaia, bezeroarentzako informazioa eta arreta, eta gela teknikoak izango ditu. Nasara sartzeko eskailerak edo igogailua ere bertan hartuko dira. Bizikletak garraiatzeko gaitasuna ere izango du.