Sentsoreetan eta 4D teknologian oinarritutako sistema berritzaile bat jarri du martxan Ospitaleak, ospitaleratutako pazienteak eror ez daitezen

0

Ospitalea erorikoen alerta-sistema berri bat –ez-intrusiboa– gidatzen ari da. Sistema horrek gela eta ospitaleratutako pertsona identifikatzen ditu sentsore baten bidez, 4D teknologia baliatuta.

Gelaren sabaian instalatzen den sentsore horren medioz, sistema gai da bertan pertsonak daudela detektatzeko, eta aurrez konfiguratutako ingurunea aztertzen du; hala, pazientea ohean ote dagoen, gauez joan-etorriak egiten ote dituen eta ohera nola sartzen den erakusten du.

Eroriko bat gertatuz gero, sistemak aztertu egiten du pertsona ezin dela altxatu eta 120 segundo igaro ondoren inork ez diola laguntzen. Denbora-tarte horretan, seinale akustikoak edo ikusizkoak egiteko konfigura daiteke sistema, pertsona lasaitze aldera. Orobat, mikrouhinen bidez funtzionatzen du, eta, horri esker, begi hutsez leku ezkutuetara erortzen diren pertsonei arreta eman ahal zaie alerta bat ematen denean, egoera analizatzea lortzen baitu, baita halako kasuetan ere.

Gainera, pertsona batek erorikoa jasan duenari sentsoreak alarma piztu baino lehen laguntzen badio, sentsorea berriz hasten da eta egoera berriro analizatzen du; hala, bi pertsonak eroriz gero sistemak detektatu eta alarma eragin dezan ahalbidetzen du.

Sistema hori 24 orduz egoten da aktibatuta, eta pazienteek erizaintzara egiten dituzten deiak jasotzen dituen kontsola berean monitorizatzen da, baina erizainek erabiltzen duten edozein gailu mugikorretara ere jaurti daiteke.

ESIaren helburuetako bat da erorikoak izateko arriskua daukaten pazienteei begira, prebentzioa eta ohitura egokiak sustatzeko irizpide batzuk ezartzea ospitalean, eskuragarri ditugun teknika berri egokiak aintzat hartuta. Ildo horretan, sistema hori 10. solairuan aztertu eta aplikatu ondoren, paziente kalteberena dagoen lekuetan hedatzea dago aurreikusita.

Faktore anitzeko kausak

Adierazi behar da erorikoak faktore anitzeko kausa-sindrometzat hartzekoak direla, eta faktore horietako batzuk gizabanakoaren beraren araberakoak direla eta zahartze-prozesu normalari edo patologien presentziari lotuta daudela. Halaber, beste faktore batzuk ere kontuan hartzen dira: botiken erabilera (bereziki neuroleptikoak eta bentzodiazepinak eta polimedikazioa), diabetes mellitusa, gernu-ihesa, ikusmen-arazoak, hipotentsio ortostatikoa, pluripatologia eta gaixotasun neuropsikiatrikoa.

Erorikoak osasun publikoko arazo handi bat dira. Euskadin, 64 urtetik gorako pertsonek urtean izaten dituzten istripuen % 92 dira erorikoak. Biktima gehienak emakumeak dira (% 71), eta haien batez besteko adina 80 urtekoa da.

Ospitale-ingurunean, ospitaleratutako pertsonen erorketa-tasak 3-20 ingurukoak dira ospitale-egonaldiko mila egun bakoitzeko (6,7, ordea, 65 urtetik gorakoen kasuan), lesio-motaren bat eragin dezakete hezur-hausturek kasuen % 1-3n, eta kalte larria edo heriotza, berriz, kasuen % 10en. Gainera, ospitale-egonaldia 6-12 egunekoa izatea eragin dezakete erorikoek.

Adinak gora egin ahala, areagotu egiten da erorikoek lesio larriak eragiteko arriskua, eta horrelakoak gertatzeko posibilitate gehiago dituzte 80 eta 89 urte bitarteko pertsonek.