Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak arrakastaz aztertu dute hondartzetako larrialdiei erantzuteko euren koordinazioa

0

Koordinatutako operatiboen eraginkortasuna bermatzeko bi erakundeek urtero antolatzen duten simulakroa Getxoko Ereagako hondartzan egin da. Ekitaldi horretan itsasoan bi pertsona erreskatatu dira eta hondarrean gertatutako isurketa kutsatzaile bat kontrolatu eta garbitu da.

Ereaga, 2023ko uztailaren 13a – Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sailak simulakro bat egin dute gaur lurraldeko hondartzetako larrialdiei aurre egiteko baliabideen koordinazioa probatzeko. Ariketa gaur egin da Ereagan (Getxo); bertan zerbitzuak koordinatzeko eta mobilizatzeko probak egin dira itsasoan bi pertsona erreskatatzeko eta hondarrean isurketa kutsagarri bat kontrolatu eta garbitzeko.

11:30etan, SOS Deiak, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, herritarren hainbat alerta jaso ditu, gutxienez bi tripulatzaile zituen ontzi txiki bat hondartzatik gertu hondoratzen ikusi dutelako; ontzian zeuden tripulatzaile horiek seinaleak egiten ari ziren laguntza eske. Berehala Zentroak itsasertzeko salbamendu-taktika aktibatu du, Larrialdietako Euskal Sistemako zerbitzu operatiboak mobilizatuz.

Hiru minutu geroago Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroak (Ardatz) SOS Deiak zerbitzuari jakinarazi dio Getxoko ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila batek uretan arazoak zituzten bi pertsonaren berri eman duela. Ertzaintzaren erreskate-ontzi bat toki horretara bertaratu da pertsona horiek erreskatatzeko, itsasoan sorosleek lagunduta. Ertzaintzaren ontziak pertsona horietako bat Arriluzeko pantalanera eraman du eta, aldi berean, Istripuen Prebentziorako, Sorospenerako eta Laguntzarako Foru Zerbitzuak beste pertsona erreskatatu du eta sorospen-postuan egonkortu du, ondoren osasun-zentro batera eramateko.

Beste alde batetik, ontziko tripulatzaileei buruzko abisua jaso eta gutxira, Ereagako hondartzako gune batean gertatutako isuri kutsatzaile baten berri eman dute. Itsasoaren eta marea-eremuaren  kutsadura-taktika aktibatu da, eta berehala jakinarazi zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Istripuen Prebentziorako, Sorospenerako eta Laguntzarako Zerbitzuari eta Hondartzak Garbitzeko Zerbitzuari. Zerbitzu horietako langileek isuria aurkitu dute, kutsaduragatik arriskuan dagoen eremua balizatu dute eta SOS Deiakekin harremanetan jarri dira, gorabeheraren kokapenari, motari, neurriei eta balizko ondorioei buruzko informazioa emateko. Gero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko teknikariak bertaratu dira isuriak erabiltzaileen bainuan eta hondartzako jolas-erabileretan  izan dezakeen eragina ebaluatzeko. Garbiketa Zerbitzuak kutsadura-fokua kontrolatu, garbitu eta kaltetutako eremua tratatu du, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Foru Sailak ezarritako ingurumen-prozedurei jarraituz.

Simulakroaren agertokia ziurtatu eta lehengoratu ondoren, SOS Deiak, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak jarduketa amaitutzat jo du eta arrakastaz burutu dela adierazi du.