Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa antolatzeko diru-laguntza onartu du

0

Gobernu Kontseiluak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eskatuta, “HIGA” topaketa antolatzeko dirulaguntza onartu du. Diru laguntza 15.845,00 eurokoa da eta Biziherri IGB Elkarte Zibilari zuzendua dago uztailaren 17tik 21era hizkuntza gutxituen biziberritzea eta nazioarteko komunitate ezberdinen arteko sare-lana xede duen bilkura antolatzeko.

HIGA hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa da eta Gasteizko Udaleko Gazteria eta Euskara Zerbitzuek sustatutako 5 eguneko jardunaldia EHUko udako ikastaroen prestakuntza-programaren baitakoa da. Hainbat hiztun-komunitatetako kideek hizkuntzen biziberritze-prozesuetan zein hizkuntza aktibismoaren alorrean formatzeko aukera izango dute, bai eta haien errealitatea partekatzeko zein besteena ezagutzeko ere.

Parte-hartzaileek, goizeko saioetan, hitzaldi edo mahai-inguruak izango dituzte. Bazkalostean, hiztun gazteen arteko elkarlana eta ekintzailetasuna sustatzera bideratutako lantegiak dinamizatuko dira. Arratsaldero, hartu-emana eta elkar ezagutza esparru informalago batean lagunarteko aisialdi-ekintza ezberdinak programatuko dira: kontzertuak, proiekzioak, irteera kulturalak etab.

Informazio gehiago: https://higagasteiz.wixsite.com/higa/es