Euskal Institutuak (FEIk) 7 M €-ro batera finantzatuko du kable-lineak zuntz optikora aldatzea dakarren “Bidasoa Bidco SA” enpresaren inbertsio-tartea, Euskadiren lehiakortasuna hobetzeko. Bizkortasun eta egonkortasun handiagoa emango dio horrek sareari.
Horretarako, Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur Credit Agricole Corporate And Investment Bank (CACIB) erakundeak Espainian duen sukurtsalak enpresa horrekiko kreditu sindikatuan duen kontratu-posiziotik eratorritako eskubideak eta betebeharrak zuzenean eskuratzeko.
Diru kopuru handiak behar dituzten proiektu handiak finantzatzeko aukera ematen duen finantza-tresna dira, batez ere, finantzaketa sindikatuko kontratuak. Bankuek eta beste finantza-erakunde edo kreditu-emaile batzuek tresna horiek erabiltzen dituzte mailegu-emaile bakoitzaren muga indibidualen gainetik dirua mailegatu eta finantzaketa eman ahal izateko, eta zordun beraren kreditu-arriskua aldi berean banku baten baino gehiagoren artean dibertsifikatzeko eta partekatzeko.
Kable ardazkideko lineak zuntz optiko bihurtzeko “Bidasoa Bidco SA” enpresak planteatutako inbertsioaren finantzaketa osoa 41,5 M €-koa izango da, eta bi urtean (2023an eta 2024an) izango du erabilgarri. CACIBek eragiketa hori osorik sinatu zuen, eta zor-paketea finantza-erakunde eta -instituzioen artean banatu zuen. Esparru horretan, finantzaketa-eragiketa subrogatu baten bidez, FEIk inbertsioaren tarte bat kofinantzatuko du, “Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikotzat” jotzen baitu, eta, aldi berean, FEIrentzat berarentzat “garatzeko aukera” bat dela uste duelako.