Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko ekonomia eta enplegua berreskuratzeko Berpiztu programaren barruan, 700.000 euroko dirulaguntza emango dio Artziniegako Udalari, Artziniegako monumentu-multzoa hobetzeko esku-hartzeak finantzatzeko. Jarduera hauek egingo dira: Kultur Etxea egokitzea eta hobetzea, eta Ortiz de Molinillo dorrean esku hartzea, hura berriro hotel bezala irekitzeko.
Gobernu Kontseiluak iazko irailean Artziniegako udalari, 2022-203 epean, 800.000 euroko dirulaguntza ematea onartu zuen. Abenduan udalak enpresa lizitatzailearekin izandako arazo teknikoak tarteko, epeak betetzeko zailtasuna jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzari. Hori dela eta bertan behera geratu zen dirulaguntza hori.
Aurten Artziniegako udalak beste ezohiko eskari bat egin du proiektuarekin jarraitu ahal izateko eta 2023-24 epealdirako 1.892.000 euroko dirulaguntza eskatu du. Gobernu Kontseiluak gaur onartu duenez, aurten 700.000 euroko dirulaguntza emango zaio Artziniegako udalari.
Kultur Etxea eta Ortiz de Molinillo y Velasco dorrea 1996an Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondasun izendatutako Artziniegako Hirigune Historikoaren zati dira. Gainera, bi eraikinak Artziniegako Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoaren gainean daude.
Kultur Etxea
Kultur Etxeak Liburutegia hartzen du, Eguneko Arretarako Zentroa, elkarteen egoitza da, eta, gainera, hainbat kultur eta jolas modalitatetako ikastaroak ematen dituzten lokalak ere baditu. Egiten diren obrekin egitura finkatuko da, irisgarritasuna hobetuko da, edukiera handituko da eta espazioak birbanatuko dira. Energia-eraginkortasuna hobetzera bideratutako jarduera garrantzitsuak ere egingo dira.
Ortiz de Molinillo y Velasco dorrea
Ortiz de Molinillo y Velasco dorrea 1592. urtekoa da, eta garai hartan herriko alkate zen Diego Ortiz de Molinillo de Velasco jaunak eraiki zuen. Aurreikusitako jarduketak hotel gisa berriro irekitzeko dira, 2016an itxi ondoren. Horretarako, klimatizazio-sistema bat jarriko zaio (aerotermia-euskarriarekin), irisgarritasuna hobetzeko, estalkia inpermeabilizatzeko, kea ateratzeko eta sukaldean gasa instalatzeko jarduketak egingo dira. Horrez gain igeltserotza, zurgintza, saneamendu, argiztapen eta iturgintza lanak ere egingo dira.