Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur Osasun Sailak Bizkaiko bi erakunderekin (Hiesaren aurkako Herri Batzordearekin eta Gizakia Fundazioarekin) bi lankidetza-hitzarmen sinatzeko. Hitzarmenen zenbatekoa 242.101 euro izango da guztira, eta adikzioei buruzko programak garatzera bideratuko da.
Zehazki, droga-mendekotasunak prebenitzeko eta arriskuak eta kalteak murrizteko helburua duten bi ekimenek jasoko dute dirulaguntza. Honako hauek dira:
- Bizkaiko Hiesaren aurkako Batzordeak droga-mendekotasunak dituzten pertsonentzat duen eguneko zentroan kalteak murrizteko programak, 76.000 euroko zenbatekoarekin.
- Gizakia Fundazioaren adikzioen arretarako Bilboko “ANDEN 1” zentro soziosanitarioaren (gainbegiratutako kontsumo-gela bat barne) mantentzea, 166.101 euroko zenbatekoarekin.
Hitzarmen horiek Adikzioen Planean txertatuta daude. Plan horren hirugarren jarduketa-ardatza adikzio-arazoak dituzten pertsonei arreta integrala bermatzea da, eta, arreta horren barruan, behar indibidualak izango dira ardatza, bakoitzaren berezitasuna errespetatuko da, kalteberatasun handiko egoeran dauden pertsonei baliabideak lortzeko aukera bermatuko zaie eta haien oinarrizko beharretarako laguntza eta estaldura emango da, arriskuak eta kalteak murriztearen ikuspegitik. Programak Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak finantzatuko dituzte.