Donostiako Hestia Eguneko Arreta Zerbitzua Ondarretako Uraren Etxearen eraikinera lekualdatu da behin behinerako

0

Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki du Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak SAri alokatzea Uraren Etxearen eraikineko bigarren solairuko erabilera, Ondarretako pasealekuko 20. zenbakian dagoena, Hestia Eguneko Arreta Zerbitzua emateko. Zerbitzu horrek hainbat prestazio eskaintzen ditu bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko (elikadura, higienea, etab.).

Eneko Goia alkateak argitu duenez, «orain arte zerbitzuaren zati handi bat San Bartolome kaleko 27. zenbakian dagoen lokal batean eman izan da. Hala ere, lokalaren jabeak duela gutxi jakinarazi dio Arrats Elkarteari, zerbitzuaren esleipenduna eta hura garatzeko espazioa jartzearen arduraduna, ez duela alokairu kontratua berrituko«.

Beraz, 2023ko uztailaren 31tik aurrera, lokal hau ezingo da erabili, eta beharrezkoa izan da zerbitzuaren beharretara egokituko den beste bat aurkitzea, eta, horrela, haren jarraipena bermatzea Jai Alai kaleko 17. zenbakian dagoen Villa Saliako obrak eta egokitzapena amaitu arte. Obra horiek 2024ko irailaren 30a baino lehen amaituta egon behar dute, Next Funtsek ezartzen duten moduan.

Hala, esleipendunak eta Udalak hainbat hilabete daramatzate zerbitzua modu egokian emateko ezaugarriak betetzen dituzten eta aldi baterako kokapena denez eskuhartze handirik behar ez duten lokalen bila.

Lokalak 543 m2-ko azalera du eta alokairuaren hileko errenta 907 €-koa da, kontratuan xedatutakoaren arabera eguneratuko dena (merkatuko prezioen azpitik dago).

Beraz, Tokiko Gobernu Batzarrak bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko arreta zerbitzuaren kontratuaren aldaketak onartu ditu, egoera berrietara egokituz.

The post Donostiako Hestia Eguneko Arreta Zerbitzua Ondarretako Uraren Etxearen eraikinera lekualdatu da behin behinerako first appeared on GipuzkoaGaur – Actualidad de Gipuzkoa.