Ertzaintza eta Udaltzaingoa Andre Maria Zuriaren jaietarako eta, bereziki, Zeledonen jaitsierarako, dispositibo berezia prestatzen ari dira

0
  • Abuztuaren 4an Andre Maria Zuriaren plazako sarbideak kontrolatuko dituzte, Zeledonen jaitsieran beirazko objekturik sar ez dadin
  • Gauetan, prebentziozko zaintza-lanak egingo dituzte etxera itzultzeko orduetan sexu-askatasunaren aurkako delituak eragozteko

Andre Maria Zuriaren jaien aurreko Polizia Koordinaziorako Batzordearen bilera Gasteizko udaletxean egin da, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Arabako hiriburuko jaietarako elkarrekin diseinatu duten segurtasun-dispositiboa zehaztasunez aztertzeko.

Zeledonen jaitsiera eta jende gehien elkartzen duten ekitaldiak izango dira pertsonen segurtasunera eta delituen prebentziora bideratutako polizia-operatiboaren arretaren ardatz nagusiak, eta, bereziki, sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren, ondarearen eta pertsonen aurkako delituen prebentzioan jardungo da.

Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea eta Maider Etxebarria alkatea buru direla egin den bileran Iñaki Gurtubai Herritarren Segurtasuneko eta Trafikoko zinegotzia, Josean Haro Udaleko Herritarren Segurtasun Sailaren zuzendaria eta Roberto García Tobalina Udaltzaingoaren komisarioa ere izan dira. Ertzaintzaren izenean, bileran izan dira Karmelo Martinez Sarobe Ertzaintzaren Arabako lurralde-burua eta Iñaki Larrauri Gasteizko Ertzain-etxeko burua.

Zeledonen jaitsiera

Abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsiera eta jaien hasiera dela eta, Andre Maria Zuriaren plazan jende asko elkartuko dela aurreikusten da. Azken urteotan ohikoa den moduan (pandemiaren parentesian izan ezik), Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolatuko dute Andre Maria Zuriaren plazako sarrera 10 puntutan, hau da, Hedegile, Zapatari, Errementari, Diputazio, Prado, Dato, Posta eta Olagibel kaleetako, San Frantziskoko aldapako eta Loma Jeneralaren plazako sarreretan, eta, besteak beste, plazan beirazko objekturik sartzen den kontrolatuko dute, hautsitako botila eta ontziek egindako zauriak eta ebakiak saihesteko.

Dispositiboan parte hartuko duten bi polizietako herritarren segurtasuneko agenteez gainera, Ertzaintzak, prebentzio-moduan, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko, Txakurren Unitateko, Brigada Mugikorreko eta Esku Hartzeko Unitateko baliabideak eta Zaintza eta Erreskate Unitatearen droneak ere aktibatuko ditu.

Sexu-askatasunaren aurkako delituak

Abuztuaren 4tik 9ra bitartean, bi polizia-kidegoetako agente gehiago ibiliko dira kaleetan, eta koordinatuta jardungo dute ondarearen eta pertsonen aurkako delituei eta, bereziki, sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituei aurrea hartzeko.

Horretarako, bereziki zainduko dira, besteak beste, pertsona asko elkartuko direla aurreikusten diren lekuak, parkeak eta trenbide azpiko oinezkoen pasabideak. Arreta berezia jarriko da etxera itzultzeko orduetan.

Salaketen arreta bateratua

Polizien arteko koordinazioa salaketen kudeaketara ere hedatuko da. Ertzaintzak Olagibel kalean (Panticosa eraikinean) duen Herritarren Arretarako Bulegoa zabalik egongo da, etenik gabe, abuztuaren 04ko 07:30etik abuztuaren 10eko 21:30era, eta bertan bi polizia-kidegoetako agenteek emango dute arreta, egin nahi den kudeaketaren eta bi polizien protokoloan ezarritakoaren arabera. Iazko Andre Maria Zuriaren jaietan burutu ziren delitu guztien bi heren ebasketak izan ziren, eta, batez ere, diru-zorroak eta telefono mugikorrak lapurtu zituzten.