Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzandari Marian Ibarrondok 2023ko Berrikuntzako Ibilbide Profesionalari emandako «Smart Women Awards» saria jaso du

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari Marian Ibarrondo Unamunzagak Osasun Teknologiako Berrikuntzaren Espainiako Plataformak 2023ko berrikuntzako ibilbide profesionalari emandako “Smart Woman Awards” sari ospetsua jaso du.

Marian Ibarrondok gaur Madrilen egin den ekitaldi batean jaso du saria, Osasuneko sailburu Gotzone Sagardui bertan zela. Sariaren helburua da emakume batek osasun-teknologiako berrikuntzaren esparruan (ikerketaren, I+G+B garapenen, ekintzailetzaren, zuzendaritza zientifikoaren eta kudeaketaren eta berrikuntzako ibilbide profesionalaren arloetan) egindako lana aitortzea.

Epaimahaiak osasun-teknologiako sare berritzailearen garapenean egindako ekarpenagatik aukeratu du Marian Ibarrondoren hautagaitza. Zehazki, Ibarrondoren ibilbide profesionala aitortzea izan da saria emateko arrazoia; izan ere, «ibilbide horretan, Osasun Teknologiako berrikuntzak garrantzi berezia hartu du».

Eskaini duen hitzaldian, Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak esker ona adierazi du sari hori emateagatik, bai pertsonalki, bai, batez ere, milaka berritzaile eta ikertzaileren lana aitortzeagatik (eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, gehiengoa diren emakume ikertzaileena), haiei esker baitago Euskadi aurrerapen zientifikoaren eta berrikuntzaren abangoardian, baita osasunaren esparruan ere.

Bestalde, Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik eskaini duen hitzaldian, Marian Ibarrondo eta Osakidetzako eta osasun-arloko ikerketa-institutuetako profesional guztiak zoriondu ditu, eta Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritza osoak esparru horretan bultzatzen dituzten politikek jasotako oniritzitzat hartu du saria. «Gure helburua —gaineratu du— eta, aldi berean, zerbitzari publiko gisa dugun betebeharra da, eta aurrerantzean ere izan behar du, ez ahaztea osasun-arloko berrikuntza eta ikerketa osasun-sistemaren eta herritarren beharretara bideratu behar direla lehentasunez».

«Smart Women Awards» sarien bigarren edizioa izan da aurtengoa, eta «Berrikuntza osasun-teknologiaren eta emakumearen arloetan» proiektuan txertatuta daude. Proiektu horren helburua da esparru horretan genero-berdintasuna sustatzea, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik.