Euskalmeten aurreikuspenen arabera, hauteskunde-egunean eguraldi egonkorra izango da

0

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, datorren igandean, uztailaren 23an, hauteskunde-egunean, eguraldia egonkorra izango da eta ez da prezipitaziorik izango, eta alde nabarmenak izango dira Euskadiko iparraldearen eta hegoaldearen artean.

Horrela, isurialde kantauriarrean, behe-hodeien tarteak (batez ere goizeko lehenengo orduetan eta gau partean) tarte eguzkitsuekin txandatuko dira. Gainera, eguneko lehenengo orduetan haizea aldakorra eta arina izango da (iparretik joko du itsasertzean eta hegoaldetik barnealdean), eta arratsalde partean ipar-haizea nagusituko da.

Isurialde kantauriarrean 14 ºC eta 17 ºC arteko tenperatura minimoak espero dira, eta tenperatura maximoak, berriz, 23 ºC ingurukoak izango dira itsasertzean eta 25 ºC eta 30 ºC artekoak barnealdean.

Isurialde mediterranioan lanbroa edo behe-lainoa izan daiteke goizaldean, baina egunak aurrera egin ahala eguzkia nagusituko da eta zerua ia erabat garbi egongo da eguneko ordu zentraletan, eta hego-haize arina nagusituko da.

Hala ere, arratsalde partean, haizea indartzen joango da eta iparretik joko du. Kasu honetan 12-14 ºC-ko tenperatura minimoak espero dira, eta tenperatura maximoak, berriz, 30-35 ºC-ra irits daitezke.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter kontuaren (@Euskalmet) bidez.