Sprilurrek Lemoizko Basordas kalako dike-horma indartzeko obrak lizitatu ditu

0

Sprilur, Eusko Jaurlaritza-ren lurzoru industriala kudeatzeko sozietate publikoak (Spri Taldean dago eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita), bi lehiaketa publikotan argitaratu berri ditu, alde batetik, Lemoizko Basordas Kalako dike-horma indartzeko eta eusteko obren Zuzendaritza eta, bestetik, Obren egikaritzea.

Obra-zuzendaritza 60.000 euroko zenbatekoarekin aterako da lehiaketa publikora eta Basordas dike-horma indartzeko obrak egikaritzea kontratatzeko, bestalde, 2.181.235 euroko aurrekontua aurreikusi da.

Eskaintzak jasotzeko epemuga irailaren amaierarako aurreikusi da eta, behin esleipen-prozesua amaitutakoan, azaroaren erdialderako kalkulatu dena, Sprilurrek urteko azken hilean hasiko lituzke dikea indartzeko obrak, eta 7 hilabeteko egikaritze-aurreikuspena dutenez, 2024ko erdialdean amaituko lirateke.

Dike-horma indartzearen ezaugarriak

Jarduketa honen xede den dike-hormak 300 metroko luzera du. Mendebaldeko 100 metroak kontserbazio-egoera onargarrian daude, eta ez dute premiazko jarduketarik behar. Gainerako 200 metroetan, aldiz, olatuek eragindako kalteek euste-blokeak behar dituzte, lehengoek  higadurak eta ingerada biribilduak dituztelako itsasoaren jardunaren eta blokeek elkar jotzearen ondorioz.

Beraz, proiektuan jasotako obren artean, dikearen azken 230 metroetan kanpoko ezponda indartzea sartzen da. Horretarako, dentsitate handiko hormigoizko 415 bloke jarri behar dira, 45 tonakoak.

Blokeak jartzeko, 600 tonako ahalmeneko beldar-garabia beharko da, 40 metroko distantziara lehorrean, airetik, eta 52 metroko distantziara urperatuta, ur azpitik.

Proiektuaren xedea Basordas kala (garai bateko Lemoizko zentral nuklearra) estaltzen duen dikea indartzea da, eremuko olatu handien aurrean egonkortasuna bermatzeko eta, horrela, etorkizuneko ezarpenek beren jarduerak segurtasun handiagoko baldintzetan egin ahal izateko.

Proiektua Euskadiko Inbertsio Estrategikoen 2022-2024 Planean sartuta dago eta 30,3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du.