Urdulizko Ospitaleak zerbitzu eskaintza zabaldu du eta etxez etxeko ospitalizazioa eta minaren unitatea gehitu ditu

0

Osasun Sailak eta Osakidetzak 600.000 euroko inbertsioa egin du zerbitzu berrietan, ondorioz, kalitate asistentzialaren hobekuntza eta herritarrei irisgarritasun eta gertutasun handiagoa eskainiko dizkie

 

Urdulizko Ospitaleak bere zerbitzu eskaintza zabaltzen jarraitzen du eta bi unitate berri zabaldu ditu: Minaren Unitate Terapeutikoa (MUT), Bizkortze eta Anestesia zerbitzukoa, eta Etxez Etxeko Ospitalizazioa (EEO).

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea 2016an inauguratu zen eta geroztik hazkunde progresiboan aurrera doa, arreta espezializatua Lehen Arretarekin koordinatuz eta zonaldeari eta Uribeko ESIa dagokien herritarrei osasun zerbitzuak eskainiz.

Osakidetzak eta Osasun Sailak 403.514 euro inbertitu ditu Minaren Unitate Terapeutikoan; Etxez Etxeko ospitalizazioan, berriz, 210.808,44 euro; hau da, bi unitate berrietan inbertitutakoa 600.000 euro baino gehiagokoa da.

Bi unitateak diziplina anitzeko langilez osatuta daude eta herritarrei eskaintzen zaien arreta erizain eta medikuen arteko elkarlanaren emaitza da.

Minaren Unitate Terapeutikoak intentsitate ertaineko edo larriko mina pairatzen duten gaixoei  tratamendua ematen die. Horietako batzuk Urdulizko Ospitalean ingresatuta dauden pertsonak dira, beste batzuk, ordea, kanpo kontsultetako espezialitate ezberdinetatik etorritakoak dira. Kasu horretan, ohiko analgesikoen tratamenduen bidez mina etetea lortzen ez duten gaixoak dira. Horretarako, oso teknologia berritzaile eta erresolutiboa erabiltzen da, pertsonaren ezaugarri eta patologia zehatzari egokituta. Gainera, Traumatologia eta Ortopedia eta Errehabilitazio eta Fisioterapia zerbitzuekin elkarlana ezinbestekoa da, profesional horiek eskaintzen dituzten tratamenduek analgesia maila optimoa izan dezaten, artatzen dituzten pertsonen osasunaren hobekuntza bermatuz.

 

Etxez etxeko ospitalizazioak askotariko gaixoak artatzen ditu: patologia akutuak eta kronikoak, egoera leungarrian daudenak, gaixo onkologikoak, transplante bat jaso duten pertsonak, etab. Etxez Etxeko ospitalizazioa disziplina anitzeko arretan zentratuta dago, pertsona erdigunean jartzen du eta familiak eta zaintzaileekiko harremanean oinarrituta dago.