Altzo Azpiko Kaolin-Eder meatze-ustiategi zaharraren ingurumena berrezartzeko proiektua adjudikatu da

0
  • Eusko Jaurlaritzak eta Altzoko Udalak bi helbururekin dihardute: ingurunea segurtatuz arriskua kentzea, eta belardiak, basoak eta gainazaleko fauna leheneratzea, aisiarako gune berri bat sortuta
  • Aurrekontua 578.740,66 €-koa da, eta egikaritze-epea hiru hilabetekoa
  • Esku hartzeko eremua 2 ha ingurukoa da, eta bertan oinezkoen sarbide berri bat egingo da, aparkalekuarekin, eta belardiak eta ezpondak birlandatuko dira, ingurumena hobetzeko

Eusko Jaurlaritzak eta Altzoko Udalak Altzo Azpiko Kaolin-Eder meategia konpontzeko lanak adjudikatzea erabaki dute, bi helburu nagusirekin: ingurunea segurtatuz arriskua kentzea (lur azpian galeriak daudelako eta belardiak, basoak eta bere garaian bi baserri hondoratu direlako); eta ingurune honen ingurugiro balioa leheneratzea.

Obra horiek egikaritzeko epea hiru hilabetekoa da, eta 578.740,66 €-ko aurrekontua dute. Horietatik 430.000 € Next funtsetatik datoz, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzaren funts propioak dira.

Aipatutako helburuak betetzeko, bi proiektu zehatz garatu eta onartu dira aurten:

  • Altzoko Kaolin-Eder meatze-ustiategi zaharra leheneratzeko eta segurtasun-egoeran jartzeko proiektua, 446.760,58 €-ko aurrekontuarekin.
  • Altzo Azpiko Kaolin-Eder meatze-ustiategi zaharraren ingurumena berrezartzeko proiektua, 131,980.08 €-ko aurrekontuarekin.

Aurreko urteetan, Altzoko Udalak titulartasun partikularreko hainbat lursail erosi ditu Kaolin-Eder meategi zaharraren inguruetan eta afekzio-eremuan. Lursail horiei esker, meatze-ustiategi zaharraren segurtasun- eta lehengoratze-jarduerak egin daitezke orain.

Esku hartzeko eremua 2 Ha ingurukoa da, eta horietatik 8.500 m² inguru meatze-ustiategi zaharrari lotutako elementuetako lanen eraginpean egongo dira. Elementu horien gainean jardungo da multzoa segurtasun-egoeran jartzeko (galeria eta meatze-hondakindegiak). Honela, 7.240 m² inguruko azalera egokitu eta berreskuratuko da, basoko espezieen ernaberritze-prozesu bizi batek okupatutako azalerarena, hain zuzen.

Azken emaitza zona leheneratu bat izango da. Bertan belardiak eta ezpondak birlandatuko dira, eta oinezkoentzako sarbide berri bat eta ibilgailuak aparkatzeko 13 plazako eremu bat izango ditu.

Partzelaren hegoaldeko mugatik 2 m-ko zabalerako oinezkoen bide bat egingo da, eta aparkalekutik hasi eta lehenengo 45 m-etan, gainditu beharreko desnibela dela-eta, zurezko pasabide bat jarriko da. Pasabidearen lehenengo tarteak 15 m-ko luzera eta eskailera-forma izango du. Ezpondaren behealdetik pasabidea finkatzeko zutoina 1,15 m luzatuko da, eta babes-hesi bat jartzeko erabiliko da.

Egin beharreko aparkalekuak sarbide nagusi bat izango du, aparkalekurako ez ezik, hegoaldean kokatutako finketarako ere.

Aisiarako guneak aurreko meatze-jarduerari buruzko kartelak, ur-puntu bat eta atsedenerako bankuak izango ditu.

Errestaurazio lanak burutzen diren bitartean, Inguruaren segurtasunagatik, itxitura perimetrala egingo da, eta eraikuntzako hondakin guztiak behar bezala bereizi eta kudeatuko dira.

Ingurumena leheneratzea

Lan-eremuan, sastrakak eta motzondoak kendu ondoren, gainazala mekanikoki landuko eta harriak kenduko dira, eta 8.000 m² inguruko eremua zona bat geratu da belardi-espeziez (ray-grass, festuca eta hirusta zuriaz) ereindako belardi berri bat ezartzeko. Belardi horrek inguratu eta osatuko ditu meategi-zona eta haren hondakindegietako bat segurtasun-egoeran jarri ondoren leheneratzeko egindako lanen antzeko tratamendua duten zatiak.

Sortutako leheneratze-ezpondak paisaian integratuko dira, segurtasun-egoeran jartzeko baldintzekin bateragarriak izango diren bertoko zuhaitzak landatuta. Gune batzuetan planteatzen da gaztainondoak eta haritzak landatzea, 15 x 15 m-ko dentsitateetan. Eremu horretan dagoen substratuaren kalitate eskasa dela eta, landare-lurraren ekarpena egingo zaie landaketa-zuloei, sartutako espezieak errotu eta ezar daitezen.

Bestalde, 20 gaztainondo unitate landatuko dira (Castanea sativa), eta urak husteko kanalizazio berriaren hegoaldean leheneratutako mendi-hegalaren gainean hiruzuloka ipiniko dira, dentsitate txikiko zona egokitua sortzeko. Era berean, bertako beste 20 haritz unitate jarriko dira (Quercus robur) ibarbide-hondoetan eta aurreikusitako aisia-zonan.