Ertzaintzak Winnipeg hirian, Kanadan egingo diren “World Police & Fire Games 2023” jokoetan parte hartuko du

0
  • Itziar Saez Marcos eta Otavio Óscar Luz de Paula atletismo eta jui jitsu kategorietako hainbat probatan lehiatuko dira uztailaren 28tik abuztuaren 6ra bitartean.
  • 50 herrialdetako polizia-kidegoetako eta suteak itzaltzeko zerbitzuetako 8.500 kirolari baino gehiago lehiatuko dira 60 bat kirol-diziplinatan

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak, Itziar Saez Marcos eta Otavio Óscar Luz de Paula agenteak agurtu dituzte, aurten uztailaren 28tik abuztuaren 6ra bitartean Winnipeg hirian, Kanadan, egingo diren “World Police & Fire Games” jokoetan parte hartzera abiatuko baitira datorren astean.

Itziar eta Otavio kirolari federatuak dira, eta Ertzaintza atletismoan (100m, 400m eta erreleboak) eta jui jitsun (kimonoarekin eta kimonorik gabe) ordezkatuko dute. Agenteek esperientzia handia dute euren espezialitateetan, eta Eusko Jaurlaritzak babestutako ekipamenduarekin parte hartuko dute. Ekipamenduan “Ertzaintza” eta “Euskadi-Basque Country” irakur daiteke, eta atzerrian Ertzaintzaren irudi positiboa eta balioak bultzatzeko diseinatu da.

Rotterdam 2022: 10 agente, 16 domina

Herbehereetan, Rotterdam hirian, egin zen jokoen aurreko edizioa, eta 7.000 kirolarik baino gehiagok parte hartu zuten. Joko horietan Ertzaintza ordezkatu zuten 10 kirolariek 16 domina lortu zituzten atletismo, taekowondo, jiu jitsu, igeriketa, arraun, kross eta powerlifting kategorietan:

  • Urrezko 7 domina jiu jitsu modalitatean (4), taekwuondon (1), powerlifting diziplinan (1) eta areto-futbolean (1) Euskadiko Udaltzaingoko agenteekin batera.
  • Zilarrezko 4 domina jiu jitsun (2), taekwuondon (1), atletismoan (1) eta arraunean (1).
  • Brontzezko 4 domina jiu jitsun (1), taekwondon (1), arraunean (1) eta ur irekietako igeriketan (1).

Ertzaintzak esperientzia handia du era honetako nazioarteko kirol-norgehiagoketetan. Zehazki, 1997an hasi zen polizien eta suteak itzaltzeko taldeen munduko joko hauetan parte hartzen, eta Ertzaintzako taldeak, guztira, 269 domina lortu ditu orain arte.

20.000 euroko laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 20.000 eurorekin lagunduko du bai “World Police & Fire Games” joko hauetan bai aurten (irailean) Torreviejan egingo diren eta Ertzaintzak taldea izango duen “European Police & Fire Games” jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako agenteen gastuen zati bat ordaintzen.

Eusko Jaurlaritzaren ustez garrantzizkoa da Ertzaintzako agenteek nazioarteko kirol-proba horietan parte hartzea sustatzea; izan ere, gainerako agenteek kirola sarri egiteko pizgarri bat da eta, horrekin, agenteen gaikuntza, sasoia eta osasuna hobetzen dira.