ITP Aero eta Petronor euskal industria sarean ekonomia zirkularra sustatzeko Basque Ecodesign Center zentrora batu dira

0
  • Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Basque Ecodesign Center zentroaren batzorde estrategikoaren buru izan da, eta bertan, bi enpresa berri horiek atxikitzea onartu da
  • Basque Ecodesign Center zentroa lankidetza publiko-pribatuko aliantza da, bai eta Europako hegoaldeko erreferentziazko zentroa ere ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean
  • Bileran aurkeztu dute “Ingurumen zaintza estrategikoaren txostena: ekonomia zirkularraren 10 gakoak 2024rako”

ITP Aero eta Petronor enpresak Basque Ecodesign Center zentrora batu dira, hau da, Eusko Jaurlaritzaren eta herrialde osoko konpainia handien arteko lankidetza publiko-pribatuko aliantzara. Helburua ekonomia zirkularrean aplikatutako ezagutza sortzea da, euskal enpresa sarearen zerbitzuan.

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Basque Ecodesign Center zentroaren batzorde estrategikoaren buru izan da. Bertan, bi enpresa berri atxikitzea onartu da (ITP Aero eta Petronor), dagoeneko atxikitakok beste enpresa batzuei, hala nola Arcelor Mittal, Batz Group, CAF, Grupo Campezo, CIE Automotive, EDP, Eroski, Iberdrola, Kutxabank, Laboral Kutxa, Ormazabal, Orona, Siemens Gamesa Renewable Energy, Uvesco, Vicinay Sestao eta Viuda de Sainz. Hamazortzi enpresa horiekin batera Ihobe eta Spri erakunde publikoak daude, hau da, ekimenaren koordinatzaileak.

Basque Ecodesign Center zentroa Europako hegoaldeko erreferentziazko aliantza da ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean. Bere misioa arlo horietako ezagutza sustatzea da, lehentasunezko esparruak berritzearen bidez, euskal industria sarera transferitzeko eta ekonomia zirkularreko eredu baten alde egiteko.

Arantxa Tapia sailburuordeak aliantzaren barruan dauden enpresa handien lidergoaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, borondatezko konpromisoen bidez aldaketa bultzatzen dute ekonomia deskarbonizatu eta desmaterializatu baterantz, hau da, ezagutza sortzen dute eta balio kateak ingurumen jasangarritasunerantz mugiarazten dituzte.

Batzorde Estrategikoaren eginkizunak honako hauek dira: erne egotea ingurumenaren arloko arau eta merkatu premiei aurrea hartzeko; hausnarketa estrategikoa egitea sektore publikoaren eta pribatuaren artean aldi berean sortzen diren erronkei aurre egiteko, eta Basque Ecodesign Center zentroko epe labur eta ertaineko lan ildoak zehaztea, euskal enpresa sareari laguntzeko erronka horiei erantzuten.

70 proiektu zirkular baino gehiago

Batzorde Estrategikoan birpasatu dira Basque Ecodesign Center zentroaren 2022ko emaitzak eta 2023rako aurreikuspenak. Bi urte horietan zehar, 70 proiektu baino gehiago garatuko dira, horietako asko enpresen arteko lankidetzaren bidez.

Basque Ecodesign Center zentroaren esparruan, esaterako, Kutxabankek eta Laboral Kutxak ikerketa bat egin dute hipoteka batek «berde» izateko bete behar dituen ezaugarri teknikoak zehazteko, Europako Batzordearen finantza jasangarrietarako taxonomiaren irizpideen arabera; EDPek eta Iberdrolak tresna batzuk garatu dituzte Bizi Zikloaren Analisian oinarrituta, eta horiei esker, ingurumen irizpideak txertatu ahal izango dituzte ekipamenduen erosketetan, hala nola kontagailuak, erdi tentsioko gelaxkak edo eguzki modulu fotovoltaikoak; azkenik, Eroskik eta Uvescok tresna batzuk baliatu dituzte beren produktuen ontzien ingurumen jasangarritasuna aztertzeko eta ekodiseinuaren bidez horiek hobetzeko.

Kontuan izan behar dugu Basque Ecodesign Center zentroaren helburuetako bat dela ezagutza sortzea eta hura euskal enpresa sarearen eskura jartzea. Horrek sorrarazi ditu proiektu horien guztien garapenak ingurumen zaintza estrategikoari buruzko bi txosten eta finantza jasangarriei buruzko bost gida (dagoeneko argitaratuak): ingurumen metriken integrazioari buruz, zientzian oinarritutako deskarbonizazio helburuei buruz, erakundeentzako ekonomia zirkularraren adierazleei buruz eta sektore pribatuan erosketa berdea aplikatzeari buruz.

Bestalde, Basque Ecodesign Center zentroaren proiektuetan ekonomia zirkularrean prestakuntza espezializatua jasotzen ari diren gazteekin batera lan egiten da, beren laneratzea hobetzen eta enpresek eskatzen duten profila merkatuan txertatzen da. 2022. eta 2023. urteen artean 51 gazte prestatzea lortu nahi da. Halaber, azpimarratu behar da Basque Ecodesign Center zentroa aitzindaria izan dela gazteen prestakuntzan, finantza jasangarrien arloan, estatu mailan.

10 gako ekonomia zirkularrean

Basque Ecodesign Center zentroaren batzorde estrategikoaren urteko bileran aurkeztu dute “Ingurumen zaintza estrategikoaren txostena: ekonomia zirkularraren 10 gakoak 2024rako”. Argitalpena sei gaitan egituratuta dago, eta horiek Europako Itun Berdearen jarduketa ardatz nagusiak estaltzen dituzte: gardentasuna eta kokapena; ekodiseinua ekonomia zirkularrerako; bigarren mailako lehengaiak eta hondakinen kudeaketa; deskarbonizazioa, bizi zikloaren ikuspegitik; zero pollution, eta finantza jasangarriak. Gainera, txostenean labur azaltzen dira epe labur eta ertainean ekonomia zirkularreko enpresa sarearentzako 10 erronka nagusiak. Erronka horiek lantzea, horiei aurre egin ahal izateko, aukera bilaka daitezen ahalbidetuko du, enpresen jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetze aldera.

Gako horietako batzuk hauek dira: ingurumen informazio korporatiboa zabaltzeari buruzko Europako araudi berriak; produktuen pasaporte digitala eta ekodiseinuaren araudi berria; kontsumitzaileari emateko ingurumen informazioari lotutako araudi esparru berria; jasangarritasun ebaluazioa hornidura katean zehar; produktu jasangarrien ekodiseinuaren araudi proposamen berria; bigarren mailako lehengaiak erabili gabeko lehengaien ordezko baliatzea, birziklatu ahal diren materialak lehenetsita; lehengai kritikoen lege berria eta haren zaurgarritasunetik eratorritako ondorioak; taxonomia europarra egokitzea sei ingurumen helburuetan oinarrituta, edo etorkizuneko industria isuriei buruzko zuzentarau berria.

Txostenean jasotako erronkak handiak dira, baina horiei aurre egiteko beharrezko lankidetza publiko-pribatua Euskadiko nortasunaren seinale da, eta Basque Ecodesign Centre zentroa horren adierazgarri da.

Informazio gehiago jasotzen da “Ingurumen zaintza estrategikoaren txostena: ekonomia zirkularraren 10 gakoak 2024rako” txostenean. Hemen dago eskuragarri: www.ihobe.eus/argitalpenak/ingurumen-zaintza-estrategikoaren-txostena