“Bilbok arrastoa uzten du” gidak bat egiten du “Euskadi txakurrarekin” produktuarekin, maskotekin turismoa sustatzeko

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok “Euskadi txakurrarekin” produktuarekin lotutako laugarren gida aurkeztu du, oraingoan Bilbon oinarritua. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila 2018tik ari da lanean Euskadin maskotekin turismoa sustatzeko, eta gida orokorraz gain, Gasteizkoa eta Donostiakoa ere egin ditu. Gaur, Euskadiko hiru hiriburuetakoak ixten ditu “Bilbok arrastoa uzten du” gidak.

Sailburuak gogorarazi duenez, gero eta familia gehiagok dute maskota bat eta 4 etxetatik 1ek gutxienez txakur bat du. “Gehienentzat, txakurra familiako beste kide bat da, eta kontuan hartzen da aisia edo oporrak hartzeko orduan. Izan ere, ikerketa batzuen arabera, pandemia baino lehenagotik % 90 handitu dira maskotak onartzen dituzten ostatuen bilaketak Interneten”.

Txakurra duten pertsonen erdiak baino gehiagok urtean gutxienez bidaia bat egiten du txakurrarekin (% 64k), eta % 93k txakurrarekin gozatzeko egiten du, ez nahitaez. Gainera, maskotarekin bidaiatzen dutenen batez besteko egonaldia eta gastua horiek gabe bidaiatzen dutenena baino handiagoa da. “Gure maskotekin bidaiatzen dugu kontzienteki aukeratzen dugulako, eta zenbat eta hobea izan haientzat aukeratutako helmuga, orduan eta gehiago gozatuko dugu eta gomendatuko dugu. Euskadi helmuga irekia eta abegitsua da, eta animaliekin batera bisitatzea erabakitzen duten guztientzat ere aberasgarria izan nahi du. Eta ez beraientzat bakarrik, baita hemen bizi eta beren maskotekin planak egin nahi dituztenentzat ere”.

“Bilbok arrastoa uzten du” gida honen bidez, Bilbok eta inguruko udalerriek bisitatzen gaituztenei eskain diezazkieketen planen aniztasuna erakusten da, gidako 4 protagonistek eta haien txakurrek egindako ibilbideen bidez. Gidak txakurrak onartzen dituzten establezimendu, hotel, denda, jatetxe eta lekuen zerrenda jasotzen du. Horrez gain, garraioari edo baliabide turistikoetarako sarbideari buruzko argibideak ematen ditu.

“Euskadi txakurrarekin” produktuari buruzko informazio guztia eta bere liburuxkak hemen:

https://turismo.euskadi.eus/contenidos/informacion/euskadi_con_perros/es_def/index.html