Euskadik urpekaritza profesionaleko bi titulazio berri arautuko ditu

0
  • “Itsas baliabideak jasotzeko urpekaria” eta “bigarren mailako urpekari profesionala” tituluak izango dira, eta dagoeneko araututa dagoen “sakonera txikiko urpekari profesionala” tituluari jarraipena emango diote
  • Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko barruko uretan, itsas uretan edo ur kontinentaletan urpeko jardueren baldintzak eta kontrola arautuko dira

Gaur egindako bileran, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoan urpeko jarduerak baimentzeko eta kontrolatzeko baldintzak eta urpekaritza profesionalerako titulazio berriak berretsi ditu.

Bi titulazio berri horiek dagoeneko araututa dagoen “sakonera txikiko urpekari profesionala” tituluari jarraipena emango diote, eta hazten ari den urpeko jardueren sektorearen eskaria asetzea dute helburu. Gaur onetsi den dekretuak honako hauek arautzen ditu: sakonera ertaineko urpekari profesionalaren titulazioa, titulaziora sartzeko baldintzak, jorratu eta gainditu beharreko irakasgaiak eta tituluaren atribuzioak. Hori guztia urpekaritzako jardueren segurtasun-baldintzak zehazten dituen ekainaren 2ko 550/2020 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Hauek dira Euskadin eskainiko diren bi titulazio berriak:

  1. Itsas baliabideak jasotzeko urpekaria – arrantzako itsas baliabideak lantzeko, biltzeko edo ateratzeko, titulazio honek 15 metroko sakoneraraino deskonpresiorik gabe urperatzeak egiteko baimena ematen du, urpekaritza-ekipamendu autonomoak eta uretatik kanpoko aire bidezko hornidura-ekipamenduak erabiliz.
  2. Bigarren mailako urpekari profesionala – urpeko lanak egiteko, titulazio honek urperatzeak 50/60 metroko sakonerara arte egiteko baimena ematen du, honako ekipamendu hauek erabiliz: urpekaritza autonomokoak, uretatik kanpoko aire bidezko hornidura-ekipamenduak, aire aberastua, kanpai hezeak, gindolak eta beste edozein sistema. Halaber, titulu honek prestakuntza-jardueretan “urpekari laguntzaile” gisa parte hartzeko gaitasuna ematen du.

Bi titulazio berri hauek lortzeko, honako baldintza hauek bete beharko ditu interesdunak: adinez nagusia izatea, ezarritako urpekaritzarako gaitasuna egiaztatzeko proba medikoa eta eskatutako proba fisikoak gainditzea, bai eta araudian zehaztutako langile eta titulazioaren gutxieneko baldintza minimoak betetzen dituen ikastaro bat gainditzea.

Halaber, “bigarren mailako urpekari profesionala” tituluaren kasuan, honako baldintza hauek bete behar dira: sakonera txikiko urpekari titulua edo sakonera ertaineko urpekari titulua izatea eta oinarrizko bizi-euskarria eta oxigeno normobarikoa emateko ikastaroak egin izana.

Euskadiko uretan urpeko jardueren kontrola

Halaber, Dekretu berriaren arabera, pertsona fisikoek edo juridikoek Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko barruko uretan, itsas uretan edo ur kontinentaletan egiten den edozein urpeko jarduera, urpekaritza-jardueren segurtasun-baldintzak zehazten dituen ekainaren 2ko 550/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

Jakinarazpen horretan honako datu hauek jaso beharko dira: pertsona fisiko edo juridikoaren datuak eta urpekaritza profesionalean aritzeko adierazpena. Bertan, jarduera hasteko data zehaztuko da, egin beharreko jardueraren deskribapen laburra, eta erabiliko diren giza baliabideak eta baliabide materialak.