Eusko Jaurlaritzak 67,7 milioi eurorekin indartu du etxebizitzako eta garraioetako aurrekontua trenak modernizatzeko eta etxebizitza-politikak indartzeko

0

Gobernu Kontseiluak kreditu globala handitzea erabaki du asteazken honetan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari kreditu globalaren kontura beste 67,72 milioi euro izendatzeko. Diru horren zati bat, 45,72 milioi, etxebizitza-politikak indartzeko izango da eta gainerakoa, 22 milioi, garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko.

Euskotren sozietate publikoak aurtengo gerakinetatik 22 milioi euro jasoko ditu bost tren-unitate (EMU 980) erosteko, ERTMS sistemak (European Rail Traffic Management System, herrialde ezberdinetan trenbideko trafikoaren elkarreragingarritasuna bermatzeko, trafikoko, kontroleko eta segurtasuneko sistemak estandarizatuz) ezartzeko eta une hauetan zirkulatzen ari diren eta Bilboko metroaren 5. lineako zerbitzua beteko duten 940 serieko zazpi tren motorizatzeko. Gainera, iazko gerakinetako beste 4,5 milioi euro ere jasoko ditu.

Bestalde, 45,72 milioi euro bideratuko dira alokairu eskuragarriaren arloan eta eraikitako etxebizitza-parkearen birgaikuntzan etxebizitza-politikak indartzeko. Alde horretatik, aurreikusten da Alokabidek etxebizitzak eskuratzea gizarte-alokairuan emateko (10,53 milioi euro), eta sozietate publikoak bere zorra kentzea 22,73 milioi eurorekin. Horrez gainera, beste hainbat alderditan ere erabiliko da diru hori, besteak beste, gazteei, Gaztelagun programaren bidez, etxebizitza libre baten alokairua ordaintzen laguntzeko gastuetarako. Bestalde, Gobernu Kontseiluak erabaki du 7,35 milioi euroan gehitzea egiturazko zaharberritze-lanen (estalkiak eta fatxadak), irisgarritasunaren (igogailuak instalatzea) eta energia-efizientziaren bidez bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko Sailaren ohiko dirulaguntzen aurrekontua.