Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean errekurrituko du Estatuko Etxebizitza Eskubidearen Legea, eskumenak inbaditzeagatik

0
  • Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Zentralak adierazi du Estatuak euskal legerian arautzen ez diren baina Euskadiren eskumenekoak diren gai zehatzak arautzen dituela
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren arabera, Estatuko legeak euskal esparrua hartzen du etxebizitzaren arloko politika propioak garatu ahal izateko, aplikatu beharreko araudiaren gaineko segurtasun juridikorik eza sortuz

Etxebizitza Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Estatuko Legearen zenbait aginduren aurka Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa jartzeko baimena onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Izan ere, Zerbitzu Juridiko Zentralak egindako txosten juridikoan oinarrituta, Gobernantza Publikoaren eta Autogobernuaren Sailak uste du Estatuak Euskadiren etxebizitza arloko eskumenak urratzen dituela. Zehazki, Etxebizitza Eskubideari buruzko Estatuko Legearen 7 artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen gehigarri bat eta bi azken xedapen errekurritzen dira.

Txosten juridikoak adierazten duenez, lege berriarekin Estatuak euskal legedian araututa ez dauden baina Euskadiren eskumenekoak diren gai zehatzak arautzen ditu. Horrela, gure lekua hartzen du etxebizitzaren arloko politika propioak garatzeko eta, aldi berean, aplikatu beharreko araudiaren gaineko segurtasun juridikorik eza sortzen du. Honenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa diren etxebizitza arloko alderdietan neurri eta bitarteko batzuk ezartzen dira.

Olatz Garamendi sailburuak zuzentzen duen Sailak uste du Estatuari ez dagozkion eta eskumen autonomiko esklusibokoak diren alderdietan sartzen dela. Gainera, Estatuak etxebizitzaren funtzio soziala definitzen duen botere publiko bakarra izan nahi du, edo etxebizitza sustatzeko ekintza publikoak edo etxebizitza eskuratzeko politika publikoa sakon arautu nahi ditu. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoari betearazle hutsa izatea baino ez zaio geratzen eta honenbestez etxebizitzaren arloko EAEko araugintza eskumena erabat hustuta geratu da.

Etxebizitzaren euskal Legea

Txosten juridikoak adierazten du Estatuak etxebizitzarako eskubidearen aldeko lege bat onartu duela, zeinaren edukia neurri handi batean jasota dagoen eta EAEk aldez aurretik ondo araututa duen Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Euskal Legearen bidez. Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman zuen Eusko Legebiltzarrak onartutako legea eta Euskadik euskal legea onartzeko duen eskumena berretsi zuen.

Estatuko arauak babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoru erreserbak ezartzen ditu hein handi batean, eta horri buruzko jurisprudentzia konstituzionala urratzen du. Era berean, kontraesana dago legeen artean lurzoruaren ondare publikoaren beharrezko erabilerari dagokionez. Izan ere, Estatuko arauak ezartzen du urbanizazio kargarik gabeko lurzoru-lagapenak etxebizitza sozialak eraikitzera bideratu behar direla soil soilik, eta EAEko legeak, berriz, beste xede batzuk ere onartzen ditu. Horregatik, mugatu egiten da Euskadik bere eskumen esklusiboko politiketan erabakitzeko duen ahalmena.

Tentsio handiko eremuak ezartzeko deklarazioari dagokionez, Estatuaren erregulazioak EAEko araudiaren garapenak bete behar duen espazioa okupatzen du, arlo horretan gure eredua ezartzeko gaitasunaren arabera. Garapen horretarako aukera ixten du eta, gainera, funtzio betearazleak bereganatzen ditu.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren ustez, Estatua ukatzen ari zaio euskal gizarteari, demokratikoki hautatutako ordezkarien bidez, etxebizitza politikan bere ereduaren jabe izateko aukera. Estrategia birzentralizatzaile horretan, alde batera uzten ari da Estatuan errealitate eta kudeaketa oso desberdinak daudela arlo zehatz horretan. Izan ere, Euskadi, adibidez, zenbaki absolutuei erreparatuz gero, babes ofizialeko etxebizitza gehien eraiki dituen Autonomia Erkidegoa da, gure biztanleria laukoizten duen Andaluziaren atzetik bakarrik.

Sail honek euskal Autogobernuaren defentsaren alde egiten du, euskal erakundeek legez aitortuta duten arloetan euskal herritarrek beren bidea ezartzeko duten gaitasunaren alde, inoren esku-sartzerik gabe. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari aitortutako espazioa babestearen garrantzia azpimarratzen du, etxebizitza politikak definitu eta gauzatzeko eta, horrela, bere esparru propioan lanean jarraitzeko, hemen, Euskadiko herritarren artean adostuta, Euskadiko herritarrentzat, gure errealitatean eta gure beharretan oinarrituta.