Eusko Jaurlaritzak Estatuko Etxebizitza Legearen artikulu batzuen aurkako helegitea aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian

0
  • Eusko Jaurlaritzak errekerimendua egingo du Errioxako Jatorri Deituraren estatutuak eta baldintza-agiriak baliogabetzeko, euskal ekoizle txikiei kalte egiten diela iritzita
  • PSEko hiru sailburuak ez daude ados bi erabaki horiekin

Gaurko Gobernu Kontseiluaren bileraren ondores, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Kontseiluak gaur onartu duela Konstituzio Auzitegian konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzea baimentzen duen erabakia, Etxebizitza Eskubideari buruzko maiatzaren 24ko Estatuko Legearen zenbait aginduren aurka. Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoak egindako txosten teknikoaren arabera (Legebiltzarrak agindu zuen horri buruzko txosten bat egiteko), Estatuak Euskadiren etxebizitza-arloko eskumenak urratzen dituela uste da. Zehazki, Etxebizitzaren Estatuko Legearen 7 artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen gehigarri bat eta bi azken xedapen errekurritu dira.

Bozeramaileak azaldu duenez, zerbitzu juridikoen ustez, Espainiako Lege berriak euskal legerian arautu ez diren baina Euskadiren eskumenekoak diren gai zehatzak arautzen ditu. “Horrela, etxebizitzaren arloan geure politikak garatu ahal izateko espazio bat hartzen du, eta, aldi berean, aplikatu beharreko araudiaren gaineko segurtasun juridikorik eza sortzen du”, gaineratu du. Beraz, kontua da Euskal Autonomia Erkidegoari zenbait neurri eta bitarteko ezartzen direla, Legean etxebizitza-arloan ezarritakoa gauzatzeko, autonomia-erkidegoak honen eskumen esklusiboa diren bitartean.

Helegitearen bidea irekita dagoen arren, bozeramailea Aldebiko Lankidetza Batzordean elkarrizketa eta akordioa bilatzearen alde agertu da 

ERRIOXA JATORRIZKO DEITURA

Gobernu Kontseiluak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari errekerimendu bat egitea onartu du, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatu berriaren Estatutuen eta Baldintzen Pleguaren aldaketaren inguruan heta han azaltzen diren xedapenak edo egintzak indargabetu, baliogabetu edo atzera botatzeko eskaera egin dio. Bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren ustez, bi xedapen horiek zuzenbidearen aurkakoak dira, eta Ministerioak hartutako neurriak indargabetzea eskatzen du. “Errioxako Jatorrizko Deituraren baldintza-agiria eta estatutuak aldatuta, sektoreko operadore edo ekoizleek ezin izango dute mahastietan ekoitzitako mahatsaren zati bat jatorrizko deitura berrietara edo Errioxa Deituratik kanpo ekoitzitako ardoetara bideratu”, esan du. 

Arabako Errioxan ardogintza eta ardogintza eta mahastizaintza edo bitikultura uztartzen dituen sektorearen zati handi bat dago. Mahatsa landatzen duten upategi txikiak dira, bai beren ardoa ekoizteko, bai beste batzuei saltzeko. Upategi txikien kasuan – gehienak Arabako Errioxakoak dira – , Bingen Zupiriak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzatik uste dugu Ministerioak sartutako aldaketek mugatu eta baldintzatu egiten dutela haien jarduera, mahatsondoa Errioxakotik bereizitako Deitura batera bideratzea eragotziz”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak uste du oztopoak jartzen ari zaizkiela beren mahatsa beste ardo batzuk egiteko eta merkaturatzeko erabili nahi duten bazkideei, eta lehiaren ikuspegitik neurri murriztailea dela uste du, sektoreari kalte egiten diona.

Bai errekerimendu horren kasuan, bai Etxebizitzaren Legeari buruzko konstituziokontrakotasun-errekurtsoan, PSEko hiru sailburuek adierazi dute ez daudela ados gaurko Kontseiluan hartu diren bi erabaki hauekin.