Eusko Jaurlaritzak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege-proiektua onartu du

0
  • Jaurlaritzak 30,5 milioi euro bideratu ditu Ukrainaren inbasioaren ondorioz Euskadiko elikakatean eragin handiena jaso duten sektoreetako kalteak arintzeko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu duen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege-proiektua aurkeztu du. Nerea Melgosak azaldu duenez, etorkizuneko legeak lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politikarako esparru juridiko berria ezarriko du, egun dauden erronka globalei modu eraginkorragoan aurre egiteko, “garapen-ikuskera bat eskainiz, pertsonak eta planeta erdigunean jarriz, haien aniztasuna kontuan hartuz”.  “Etorkizuneko lankidetza-lege berri honekin, Euskadin nazioarteko garapen-agendak bere gain hartzea nahi da. Konpromiso solidarioa indartu nahi dugu gure nortasun-ezaugarrietatik: Kalitatezko lankidetza deszentralizatua bultzatzen dugu, elkartasunean eta gizarte lankidetza publiko sendoan oinarritua”, adierazi du. 

Era berean, sailburuak azpimarratu du baliabide solidario posible guztiak ere mobilizatu nahi direla, erakunde-arkitektura berri bat finkatzen aurrera egiteko helburuarekin, lankidetzarako euskal eragileen arteko koherentzia eta erantzunkidetasuna hobetzeko. Hau horrela, Megosak nabarmendu du euskal sektore publiko osoari eta gainerako eragileei elkartasun-politikaren aldeko deia egiten diela Lege-proiektuak.

Etorkizuneko legeak aplikazio-eremua euskal administrazio publikoaren hiru mailetara zabaltzen du, bakoitzaren eskumenak, autonomia eta autoantolaketa errespetatuz.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran ACIDEKA SA (Zierbena), TUBACEX TUBOS INOXIDABLES SA (Amurrioko eta Laudioko egoitzak), REPSOL LNG HOLDING SA (Zierbena) eta EXOLUM CORPORATION S.A. (Erribera Beitiako eta Zierbenako egoitzak) enpresen kanpoko larrialdietako planak onartu ditu. Kanpoko larrialdietako planak babes zibileko plan bereziak dira eta instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuen aurrean kanpotik erantzuna antolatzea dute helburu.

Halaber, Kontseiluak 3 milioi euroko laguntza agindu bat onartu du Gizarte Ekonomian ekiteko. Alde batetik, Gizarte Ekonomiako enpresak eratzen eta gero sendotzen laguntzeko euskal sare publiko-pribatua bultzatu eta indartu nahi da, bai eta Gizarte Ekonomiako enpresak eratu eta sustatu eta duela gutxi eratu direnak sendotu ere.

Era berean, 270.000 euroko dirulaguntza ematea onartu da, prestakuntza arautua jasotzeko zailtasunak dituzten pertsonei (gehienak emakumeak eta etorkinak) egoitzetan mendekotasuna duten pertsonei Arreta Soziosanitarioa emateko Ziurtagiria lortzeko aukera emango dien proiektu bat abian jartzeko. Mentins izeneko proiektua gauzatu nahi da, metodologia berritzaileen bidez garatzen dena, eta prestakuntza arautua jasotzeko zailtasunak dituzten emakumeek eta etorkinek osatutako kolektiboei egokituta dagoena.

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailari dagokionez, Jaurlaritzak 30 miloi bideratzea erabaki du Ukrainiaren inbasioaren ondorioz kaltetutako elikadura kateko sektoreentzako, ezohiko laguntza batzuen bidez. Bozeramaileak azaldu duenez, Ukrainako gerra hasi zenetik, elikaduraren balio-kateko jarduera batzuetan lehengaien prezioak gora egin du, eta horrek eragin nabarmena izan du. “Baliabideak (olioa, irina, ontziak eta bilgarriak, adibidez) gehien behar dituzten sektoreetan produkzio-kostuek nabarmen egin dute gora eta Jaurlaritzak sektore horiei laguntza emateko neurriak beharrezkotzat jo ditu, merkatuaren eskaintza orekatzeko eta horri lotutako jarduera eta enpleguak mantentzeko xedez”, adierazi du. 

Eta, sail berari lotura, Jaurlaritzak urpekaritza profesionalaren jarduna bi titulazio berriren bidez arautzea erabaki du. «Itsas baliabideak biltzen dituen urpekaria» eta «bigarren mailako urpekari profesionala» tituluak dira, eta sakontasun txikiko urpekaritza profesionaleko titulazio arautuari jarraipena ematen diote.

Hezkuntzaren arloak, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren eraikuntza finantzatzeko UPV/EHUri emandako zuzeneko dirulaguntza ia 11 milloi eurotan handitzea. Bingen Zupiriak gogorarazi du eraikin berri honen aurrekontu osoa 55.600.000 eurokoa zela baina 2021eko bigarren seihilekotik bereziki energiaren prezioak igo egin direnez, eta igoera horrek lehengaien prezioak igotzea ekarri duenez, esleipendunak EHUri jakinarazi ziola ezinezkoa zela obra gauzatzea finkatutako aurrekontuarekin. Hau horrela, bozeramaileak esan du beharrezkotzat jo zela beste lizitazio bat egitea, aurreko lizitazioan baino % 20 gehiago.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailari kreditu globalaren kontura beste 67 milioi euro handitzeko baimena eman du gaurkoan Gobernuak. Diru horren zati bat, 45 milioi, etxebizitza-politikak indartzeko izango da eta gainerakoa, garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko. Bingen Zupiriak aipatu duenez, besteak beste, Euskotren sozietate publikoak 22 milioi euro jasoko ditu bost tren-unitate erosteko, Bilboko metroaren 5. lineako zerbitzua beteko duten zazpi tren motorizatzeko eta 45 milioi euro bideratuko dira alokairu eskuragarriaren arloan eta eraikitako etxebizitza-parkearen birgaikuntzan etxebizitza-politikak indartzeko.

Halaber, Kontseiluak oniritzia eman dio ere Pasaiako Udalarekin eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin egindako hitzarmenari. Hitzarmen honen bidez, 5,8 milioi euroko dirulaguntza bideratuko da Andonaegi auzoko hiri-birgaitze integralerako proiektua energia-efizientziaren arloan indartzeko, Next Generation EU funtsen bidez.

Kultura sailarekin amaituz, Kontseiluak Zallako Artisten Gunerako ia 1,5 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu da gaur. Sailburuak azaldu duenez, Udalak jasoko du dirulaguntza eta helburua da Zallako La Guata zelulosa-fabrika zaharrean kultura- eta sormen-industrien gune bat,  Zallako Artisten Gunea, sortzen amaitzea. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Lehentasunezko Jarduteko Guneen (ZAP) barruan sartzen da, Berpiztu programaren barruan dagoen plan berezi bat, egoera ahulean dauden eskualdeak, kasu honetan Enkarterri, Bizkaian, bultzatzeko. 

Prentsa-txostena