Eusko Jaurlaritzak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege-proiektua onartu du

0
  • Arau berriak gizarte eragileei zein instituzionalei dei egiten die erantzukizunez erronka globalei aurre egiteko eta Hegoko herrietako biztanleak bere patuaren protagonista izan daitezen 
  • Gaurko onarpenaren ondoren, lege-proiektua Euskal Legebiltzarrera bidaliko da, dagokion izapidetzea jarrai dezan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege-proiektua. Etorkizuneko legeak lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politikarako esparru juridiko berria ezarriko du, egun dauden erronka globalei modu eraginkorragoan aurre egiteko. Horretarako, arauak Euskadik Hegoko herriekin eta biztanleekin izandako ibilbidea eta konpromiso solidarioa indartuko du.

Lege berri horrek 2007ko garapenerako lankidetzaren aurrekoa ordezkatuko du, eta helburua da garapenerako lankidetzako politikan aurrera egitea, garapenerako helburuen eta justizia globalaren aldeko borondate, baliabide eta gaitasun gehiago mugitzen gai izango dena. Gainera, arauak hainbat maila instituzional eta sozialen arteko aliantzak sustatu nahi ditu, arazo konplexu eta interdependenteei aurre egiteko.

Horretarako, testu berriak euskal sektore publiko osoari eta gainerako eragileei dei egiten die politika solidarioaren alde. Gauzak horrela, arauak aurrera egiten du erakundeen arteko koordinaziorako mekanismoen kontsolidazioan eta finantzazioan, eta % 0,7 helburua sendotzen du.

Funtsezko aldaketak

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege berriaren proiektuak aldaketa garrantzitsuak dakartza aplikazio-eremuari dagokionez. Aurrekoa ez bezala, euskal administrazioetara zabaltzen da –Euskadiko Administrazio orokorra, hiru foru aldundiak eta tokiko administrazioak–, bai eta Euskal Herriko Unibertsitatera, EUDEL eta Euskal Fondoara, besteak beste.

Nabarmendu beharreko beste alderdi bat da, garapen jasangarrirako politiken koherentziaren garrantzia. Horren bidez lortu nahi da, administrazioek bere erantzukizuna eta politikek testuinguru hurbilean, beste herrialde batzuetan eta etorkizuneko belaunaldietan duten eragina aztertzea.

Euskal lankidetzako esku-hartzeak lankidetzan aritzen diren herrialdeetako errealitateei egokitzeko xedearekin, lege-proiektuak modalitate batzuk zerrendatzen ditu giza garapen jasangarria, ekintza humanitarioa eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza bultzatzeko. Era berean, lankidetza eta elkartasun arloko laguntzek eta dirulaguntzek arau erregulatzaile bereziak izatea aurreikusi da, izapideak arintzeko eta sinplifikatzeko, eta sustatzen diren ekimenen eraginkortasuna handitzeko.

Testuak bost kapitulu, hemeretzi artikulu, xedapen gehigarri bat, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu. 

Prozesu parte-hartzailea

2021ean legen berriaren egikaritze-prozesua abiatu zen. Honako bi urte hauetan, askotariko eragileen parte-hartzea sustatu da, hala nola euskal administrazio publikoak zein estatukoak, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, zentro teknologikoak, erakunde feministak, LGTBI+ kolektiboak, pertsona migratuen elkarteak, Nazio Batuetako agentziak edo hezkuntza arloko eragileak.

Izapidetze formalean zehar, gizarte erakundeen eta herritarren alegazio ugari jaso dira, eta baita honako erakunderen txostenak ere: Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, foru aldundiak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua, Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea, Euskadiko Tokiko Gobernu Batzordea, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseilua eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa.