Gobernu Kontseiluak Errioxa Jatorrizko Deituraren estatutuen eta baldintza agirien aldaketak baliogabetzeko eskatu dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak uste du Espainiako Gobernuak Errioxa Deiturari buruz emandako xedapenek lehia murrizten dutela eta enpresa askatasunaren eskubidea mugatzen dutela
  • Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek uste dute trabak jartzen zaizkiela beren mahatsa Errioxa Deituratik kanpoko beste ardo batzuk egiteko erabili nahi duten bazkideei 

Gobernu Kontseiluak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari errekerimendu bat egitea onartu du, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren (JDKa) Estatutuen eta Baldintzen Pleguaren aldaketari dagokionez hartutako xedapenak edo egintzak indargabetu, baliogabetu edo atzera bota ditzan. Xedapenak zuzenbidearen aurkakoak direla uste du Eusko Jaurlaritzak, eta honenbestez Ministerioak hartutako neurriak indargabetzea eskatzen du.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren txostenean oinarrituta dago erabakia. Zehazki, honako hauek baliogabetzea eskatzen du Jaurlaritzak: ekainaren 1eko APA/566/2023 Agindua, Errioxa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen Estatutuak aldatzen dituena; eta Elikagaien Industriako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, Errioxa Deituraren baldintza agiriaren aldaketa onartzen duena.

Ministerioak Estatutuak eta Errioxako JDKaren Baldintza agiria aldatu ondoren, sektoreko eragileek edo ekoizleek ezin izango dute mahastietan ekoitzitako mahatsaren zati bat jatorrizko deitura berrietara edo Errioxa izendapenetik kanpo ekoitzitako ardoetara bideratu. Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak uste du horrela trabak jartzen zaizkiela beren mahatsa Errioxa Deituratik kanpoko beste ardo batzuk egiteko eta merkaturatzeko erabili nahi duten bazkideei. Neurri hori murriztailea da lehiaren ikuspegitik, eta kalte egiten dio sektoreari.

Gainera, muga bat da enpresa askatasunaren eskubidearentzat, mahastizainak (mahatsondoa landatzen dutenak) behartuta baitaude beren ardoa Errioxa Izendapenera bakarrik bideratzera. Horrela, mahastizainak eta mahastien titular diren upategi txikiak kaltetuta ateratzen dira; ardogileak edo ardo ekoizleak, aldiz, aukera gehiago dituzte. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak uste du horrek mahastizainen eta ardogileen arteko diskriminazioa dakarrela. Izan ere, mahastizainei behartzen zaie mahatsa ekoitzi dezaten soilik Errioxa JDKra eta, aitzitik, ardogintzako korporazioek, handiek bereziki, hainbat jatorrizko deituratan jardun dezakete.

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jar ditzan, Ministerioak ez badu aintzat hartzen errekerimendua.