Lan eta Enplegu Sailak 270.000 € emango ditu mendekotasun-egoeran dauden pertsonak egoitzetan zaintzeko prestakuntza-proiektu bat abian jartzeko

0
  • Prestakuntza arautua jaso ezin duten pertsonei, gehienak emakumeak eta etorkinak, gizarte-erakundeetan mendeko pertsonei Arreta Soziosanitarioa emateko Ziurtagiria lortzeko aukera emango die

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 270.000 euroko dirulaguntza ematea prestakuntza arautua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonei, gehienak emakumeak eta etorkinak, egoitzetan mendeko pertsonei Arreta Soziosanitarioa emateko Ziurtagiria lortzeko aukera emango dien proiektu bat abian jartzeko.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, argi berdea eman zaio Servicios Sociales Integrados S. Coop. enpresari dirulaguntza hori emateari (SSI taldea) Mentins proiektua gauzatzeko. Zehazki, prestakuntza-programa bereizi bat garatzeko, ikaskuntza-diseinu eta -metodologia berritzaileen bidez. Prestakuntza arautua lortzeko zailtasunak dituzten emakumeek eta etorkinek osatutako talde batera egokitu da diseinu eta metodologia hori.

Modalitate erdipresentzialean emango da, hainbat taldetan, hiru lurralde historikoetan, kolektibo espezifiko horri gizarte-erakundeetan mendeko pertsonei Arreta Soziosanitarioa emateko Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratzeko egokitutako orientazio- eta laguntza-zerbitzu batekin. Akreditazio hori beharrezkoa da lan-esperientzia erregularizatzeko eta profesionalizatzeko, enplegagarritasuna eta lan-baldintzak hobetzeko, eta, horrela, soldata-arrakala murrizten eta pertsona horien pobrezia- edo bazterketa-egoerak prebenitzen laguntzeko. Gainera, eta gehienak zainketen sektorekoak direnez, osasun-zerbitzua eta arreta profesionala hobeto ezagutuko dituzte, mendeko pertsonen arreta hobetzeko.

Zainlab proiektua

Esperientzia hori Zainlab programa estrategikoaren parte da. Programa hori Lan eta Enplegu Sailak bultzatu du arrakasta handiarekin, Gizarte Zerbitzu Integratuak talde kooperatiboaren laguntzarekin, zainketen sektorean pertsonak birkualifikatzeko eta adinekoei zerbitzuak emateko profilak diseinatzeko. Orain arte, Mentsad ardatzean lan egin da, etxeetan lan egiten duten pertsonei egokitutako zainketen lanbide-kualifikazioari buruzkoan.

Ekimen horrek arrakasta eta erantzun ona izan duenez, Idoia Mendiak zuzentzen duen Sailak beste urrats bat eman du eta Egoitzetako Arreta Ziurtagiria lortzera hedatu da.